EH Bilduk gaurkoan salatu nahi du Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Baztar Nagusiei eta parte hartze publikoari dion errespetu falta. Pasa den astelehenean, hilaren 5ean, BECen izandako Bizkai Enpresa ekimenean, lurraldeko bostehun enpresei hala zuzendu zitzaien: “Lan handia egin dugu fiskalitate hobea izateko. Baina garrantzitsua da zuek fiskalitate hori ezagutzea eta erabiltzea. Eta garrantzitsua iruditzen zait baita ere hemendik kanpo ere ezagutaraztea”. Horrez gain Rementeriak jakinarazi zuen ere otsailaren 15ean Madrilen batuko zela enpreseari eta inbertsio-funtsen zuzendariekin.

Adierazpen hauek argi uzten dute Unai Rementeriak nola mespretxatzen duen Bizkaiko Batzar Nagusien lana. Zerga-araudia ez du Aldundiak onartzen, eskumena Batzar Nagusiek dute. Une honetan, zerga-neurriei buruzko Foru Arau proiektua eztabaidatzen ari da. Atzo bertan Ogasun Batzordean, proiektuaren edukia azaldu zuen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun Diputatuak, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk egindako batzorderatze-eskaerei erantzunez. Izatez, BECen ekitaldia izan zenean Foru Arau proiektua ez zen ezta Batzar Nagusietako mahaitik pasatu, hau da, eztabaida prozesua hasi gabe zegoen.

Aldundi honek askotan iragarri ditu bere jarduerak lehenik medioen bitartez eta ondoren Batzar Nagusietan azalpenak eman ditu eta EH Bilduk behin eta berriz salatu du jarrera hori. Baina kasu honetan Ahaldun Nagusia harago joan da eta oraindik onartu gabe dagoen zerga aldaketa publizitatzen ari da Bizkaia barruan eta Bizkaitik kanpo laster, onartua egongo balitz bezala.
Onartezina da jarrera hau. Jakin badakigu zerga-aldaketa horien proposamena babesten duten EAJk, PSEk eta PPk gehiengo absolutua dutela eta teorian tramitea arazorik gabe pasako duela, baina gizarteari, oposizioari eta Batzar Nagusiei errespetua zor dio Ahaldun nagusiak. Are gehiago, Ahaldun Nagusiaren jarrerak agerian uzten du EAJk ez duela inolako borondaterik EH Bilduk aurkeztuko dituen zuzenketak kontuan hartzeko, ezta irakurtzeko ere, jadanik fiskalitate berria iragartzen ari baita.

Aurrekari oso larria dela deritzogu, debateari dagokion begirunea ukatu zaiolako. Jarrera honekin Aldundiak argi utzi du bost axola zaiola Bizkaitarron iritzia eta parte hartzea, bizkaitarron ordezkariak garenon proposamenak, eta enpresariei atsegin ematea beste asmorik ez duela.

Azkenik Joseba Gerzuraga batzarkideak gaur goizean Batzar Nagusietako mahaian kexa formala aurkeztu du Ahaldunaren jarduteko eraren aurrean EH Bilduren kontrako posizionamendua azalduz. Kexa hori aktan islatua geratu da. Ahaldun nagusiak lotsa pixka bat edukiko balu Bizkaiko erakunderik gorenari zor zaion errespetuagatik, eten egin beharko luke enpresariei egin nahi dizkien aurkezpenak, fiskalitate berria Batzar Nagusiek onartu arte.