Gaur bueltatuko dira eraikinetik kanpo geratzen ziren zazpi familia eta denda bakarra, 2016ko martxoaren 8tik aurrera mendiak jo eta apurtutako lokal eta etxeetakoak.
Une honetan, Saiñazio 40-46 atarietako 84 familia eta lokal- eta garaje-jabeen balorazioa bi arlotan banatu nahi dugu: eskerrak ematea lagundu diguzuen guztioi eta oraindik ingurua bere onera etortzeko asko falta dela gogoraraztea.

Eskerrak emateko orduan, lehenengo eta behin, udalari, herriari eta geure etxe barruko auzoko guztien eman dizkiegu: Udalari, eta zehatzago esanda gaur egungo udal gobernuari, hasieratik gaur arte eutsi diolako astez asteko gurekiko elkarlanari, eta eginahal guztiak bideratu dituelako gaurko eguna hel zedin. Herriari, aurrera egiten lagundu digulako, hasieratik etxeetan hartuz eta denbora honetan guztian auzokooi eutsiz. Gure atarietako auzoko eta jabeei, denon artean pausu bat aurrera eman eta etxeak konpontzeko ardura geure gain hartzeagatik.

Gaurkoan gogoan hartu nahi ditugu, baita ere, kanpotik lagundu diguten guztiak: Zaldibarko udala, Cicaucho, Eika, Aurrerako futbolariak (maila igotzeagatiko prima gure esku utzi zutenak) baita prentsa ere, luzaroan gaia esna mantendu duena, aipamen berezia eskualdeko Hitzari.

Asko sufrituta heldu gara gaurko egoerara. Hondamendi honi aurre egiteko dirua helduko ote zen ez ikusteak eragin digun egonezinik handiena. Zerua jausi zitzaigun gainera emergentzia eten eta urgentzia fasera pasatzeak dena eperik gabe luzatuko zuela aurreikusi genuenean. Gaur, zorionez, etxera bueltatu garela esan dezakegu, baina oraindik diru eta lan handiak daude mendi horretan jartzeko, lur-jabeak beren egoera noiz edo nola lehengoratuko den jakiteke eta kamiñalde-kalandi ingurua kalea itxita.

Pozik gaude, baina oraindik ez da amaitu.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Gaur Gasteizen erail dituzten bi emakumeak ditugu gogoan; haietako baten bikotekide ohiak hil ditu. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.