Aurrekontuen azken tramitea ospatu da gaur Gernikako osokoan. EH Bilduren iritziz zuzenketa partzialen inguruan egin dena itxura hutsa da, “ez da egon aurrekontuen inguruko eztabaidarik, ezta aurrekontuak aldatzeko asmorik ere” aipatu du Arantza Urkaregi batzarkideak bere parte hartzean. Foru Gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk, herritarrek aurkezturiko alegazioekiko duten mesprezua erakutsi dute.

• Iraunkortasunean eta Ingurune Naturalean aurkezturiko alegazioak ugari izan diren arren guztietatik bat besterik ez dute babestu EAJk eta PSEK, horretan gainera Urdaibird Centerren etorkizuna bermatzeko eskaturiko 200.000 euroetatik 60.000 besterik ez dituzte onartu.

• Aldundiko LAB sindikatuak egindako Gizarte Ekintzako plantilla handitzeko alegazioari muzin egin diote.

• Errekaldeko zubibidea kentzeko, Bizkaiko bidegorrientzat, Erromoko eguneko zentroarentzat, Isuskitzako Bizkaibusen geltokia edota udal txikiek berdintasun-politikak bultzatzeko diru-laguntza zuzenak errekuperatzeko alegazioak ez dira kontutan hartu.

• EH Bilduren iritziz lotsagarria da aisialdiko taldeek egindako alegazioekin gertaturikoa. 100.000 euro eskatzen zituzten alegazioek eta oposizioko talde guztiek hori eskatu dugu. Bitartean EAJ eta PSEk zuzenketa hau salerosketarako erabili dute. Iritzi publikoaren aurrean negoziatu dutela erakusteko alderdi bakoitzari 20.000 euro eskaini dizkigute euren 20.000 euroak barne, 100.000ra iritsi arte. EH Bildu ez dago prest joko hauetan sartzeko gobernuan dauden alderdien aurpegia zuritzeko. EH Bilduren ustez EAJk eta PSEk ez zuten ondo egin bere lana aurrekontuak onartu aurretik, eta hainbat zuzenketa aurkeztu behar izan dituzte, onartu diren erdia. 700.000 euroko zuzenketak, 250 mila Euskara eta Kultura Sailerako (EAJk kudeaturikoa), 340 mila Enplegua, Gizarteratze eta Berdintasuna Sustatzeko Sailerako (PSEk kudeaturikoa) eta 50.000 Garraiorako (baita PSEk kudeatuta). Beste 60 mila Urdaibai Bird Center alegazioa partzialki onartzeko. Denetara, zuzenketa partzialak bozkatu ondoren 979.000 € aldaketak izan dira. Hau da, gehien gehiena EAJ eta PSEren arteko akordioak konpontzeko. Beraien zuzenketez gain, 50.000 € PPren zuzenketa baterako eta 130 mila € Talde Mixtoan dagoen Aldecoak aurkezturiko bi zuzenketarako.

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketen helburu nagusiak hauek izan dira:

  1. Azpikontratazioa murriztu
  2. Enplegu publikoa sortzea 
  3. Eskualdeetako ehun ekonomikoa bultzatzea 
  4. Udalen finantziazioa indartzea 
  5. Eragileen alegazioak gureak egin ditugu

Azpimarratu nahi ditugu udal txiki askok aurkezturiko alegazioak berdintasun-politikak bultzatzeko diru-laguntza zuzenak errekuperatzeko. EH Bildutik behin eta berriro azpimarratu dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren politiketan azpikontratazioa nagusia dela eta udal txikiek berdintasun-politikak aurrera eramateko diru-laguntzekin gertaturikoa horren adierazlea dela.

EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketen bidez “ahaleginak egin ditugu aurrekontuen norabidea aldatzeko Bizkaia justuago, berdeago, moreago eta gorriago lortze aldera” gogoratu du Arantza Urkaregik. Baina argi geratu da, EAJk eta PSEk ez dutela inolako asmorik aurrekontuen norabidea aldatzeko. EAJ eta PSEk EH Bilduren proposamen guztiei muzin egin diete, ondorioz aurreko osokoan emandako aurrekontu-proiektua itzultzeko argudioak bere horretan mantentzen direla uste dugu EH Bildutik. “Zuek egonkortasuna aldarrikatzen duzuen bitartean, EH Bildukook ez dugu nahi ezberdintasunak eta arrakala soziala egonkortzea nahi, kontrakoa baino; ezberdintasunen kontra jo, arrakala soziala desagerrarazi, horien alde egingo dugu lan” amaitu du Urkaregik.