1.500 langileren lan baldintzen prekarizazioa kezkagarria da

Azken asteetan LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek deituriko mobilizazioak Bilbon izan dute amaiera gaur. Azarotik egindako mobilizazioak izan dira Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen prekarizazio kezkagarria salatzeko.

EH Bilduk bere elkartasuna adierazi die langileei eta haien eskaerekin bat egin du. Batez ere, emakumeak ari dira lan horretan eta, EH Bilduren ustez, 1.500 langileren baldintzak hobetzea eragin zuzena izango luke gizartearentzat berebizikoa den zerbitzu publiko batean. Kontuan izan behar menpekotasun egoeran dauden milaka pertsona zaintzen dituztela. Alba Fatuarte, EH Bildu Bilboko zinegotziaren ustez, “lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea beharrezkoa da”.

EH Bilduk, instituzioetan ordezkaritza duen indar politiko bezala, horiei arduraz jokatzea eskatzen die. Baldintza-agirietan langileen egonkortasuna bermatzea eta lan baldintzak hobetzea beharrezkoa da. Horretaz gain, zerbitzuen lizitazioan ere kontrol gehiago egon behar da.

Fatuartek gogoratu du “udalek ezin dutela haien ardura ekidin. Ezin dute esan hau enpresa eta langileen arteko arazo bat dela. Pertsona guztien eskubideak bermatzea, bai langileena eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen eskubideak, instituzioen inplikazioa behar du. Kalitatezko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua defendatu behar dute”.

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.