Bizkaiko EH Bilduk bi osoko zuzenketa aurkeztu dizkio 2018 ekitaldiko Bizkaiko Aurrekontu Proiektuari: Bata, proiektu osoa itzultzea eskatu, eta bestea, Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontu-proiektua itzultzeko.
Bigarrena aurkeztu dugu hain zuzen Gizarte Ekintza Sailak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu baliagarriaren %40,56 kudeatzen duelako. Eta kudeatzeko erak agerian uzten du helburua ez dela pertsonei kalitatezko gizarte-zerbitzuak bermatzea.

Lau arrazoi nagusi ditugu baieztapen hori egiteko eta Gizarte Ekintzako aurrekontu-proiektua itzultzea eskatzeko:

  1.  Gero eta zerbitzu gehiago uzten dute enpresa pribatuen eskuetan.
    Gizarte Ekintzak kudeaturiko 494,6 milioietatik,  237 milioi (% 48), hau da, Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontu ia erdia kanpo enpresek emandako zerbitzuei dagokie.Era horretan, diru kopuru hori ez doa zuzenean pertsonengana, baizik eta  Bizkaiko Foru Aldundiak bitartekari bat jartzen duela, zerbitzu ematen duen kanpoko enpresa. Eta bitartekariak bere etekinak lortu behar ditu.
    Zerbitzu berriak sortzen direnean, kanpoko enpresek kudeatzeko sortzen dira. Azkena izan da Inspekzio eta kontrol Planaren barruan, PAI delakoaren jarraipena ez duela Aldundiak zuzenean egingo, baizik eta kanpoko enpresa batek.
  2. 39/2006 Legeak (Menpekotasunari buruzkoak) eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Legeak zehazten duten zuzeneko kudeaketaren bidez egin beharreko balorazioa ere enpresa pribatu bati ematen dio Bizkaiko Foru Aldundiak..
    Hain zuzen, Balorazioa eta Orientazioa egitarauaren II kapitulu osoa beste enpresek egindako lanei dagokie: 2014 urtean 2,36tik 7,15 milioi 2018an, hirukoiztu egin da.
  3. Ez dute planteatzen Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapan Aldundiak berak adierazitako helburuak betetzea
    Alde batetik, eskaintzen diren zerbitzuak ez daude ezta egokituta 185/2015 Kartera Dekretuaren fitxetan jasotako deskribapenei, eta bestetik, aurrekontuek ez dute ahalbideratzen Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapan egindako aurreikuspenak betetzeko urratsak ematea. Zenbait kasuetan, egoitza-plazak edo eguneko zentroen plazetan gertatzen den bezala, memorian agertzen diren plazen aurreikuspenak handitu baino gutxitzen dira.
  4. Ez dituzte betetzen Gizarte Zerbitzuen Euskal Legeak finkaturiko printzipioz. Izenak aipatzen ditu, baina ez Legeak ezarritako edukiak. Horrela gertatzen da erantzukizun publikoaren printzipioarekin, unibertsaltasun printzipioarekin edo herritarren parte-hartzearekin.Aldundiak “ahaztu” egiten du eskaini beharreko zerbitzuak eta Prestazioak “Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan” agertzen direnak direla, edota erabiltzaileek parte hartu behar dutela ez soilik plangintzan baizik eta gizarte zerbitzuen garapenean ere.

Osoko zuzenketa orokorrari dagokionez, 2018ko aurrekontuek berezitasun bat dute: Aurreko urteekin alderatuta, 2017ko zerga-bilketa ona izan da eta finkaturiko helburuak lortuko dira. Dena den, dirua biltzeko era ez da justua, ezta progresiboa ere; eta, gainera, ez da nahikoa bizkaitarren behar guztiei behar den moduan erantzun ahal izateko. Horregatik, EH Bildutik berriro aldarrikatzen dugu zerga-sistemaren erreforma sakonaren beharra.
2018ko Bizkaiko aurrekontuetan , eta era justuagoan biltzeko, 418,5 milioi gehiago daude. Gehikuntza horretatik  191,77 milioi (% 45,82) Eusko Jaurlaritzara doaz eta 152,5 milloi (% 36,44) Estatuari emango zaio. Kontuan hartu behar da, EAJk eta PPk negoziatu zuten Kupoaren Lege berriaren arabera, 2018an, denetara,  532,73 milioi ordaindu behar diogu Espainiako Estatuari, 2017ko aurrekontuetan agertzen zen kantitatearekiko % 40 gehiago. Hau da, bizkaitar bakoitzak 464 € ordaindu beharko du hemen erabaki ez ditugun gastuak ordaintzeko. Aurrekontu hauek Estatuarekiko menpekotasunaren isla dira.

Udalek diru-bilketan izandako gehikuntzatik gutxien jasoko duten erakundeak dira. 33 milioi gehiago izango dituzte, beraz, udal finantzaketa %4 igoko da soilik, bizkaitarrek ordaindutako zergen bidezko gehikuntza %5,9 izatea aurreikusten denean.

Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak 41 milioi gehiago kudeatuko ditu, baina  aurrekontu baliagarriaren gehikuntza 27 milioikoa izango da. Horrek esan nahi du, 2018ko aurrekontuak 2017koen oso antzekoak direla.
Aurrekontuak aurkezten dituenean, Bizkaiko Foru Aldundiak dio 525 milioi pertsonengan inbertitzen dituela. Ez dute esaten, Gizarte Ekintzan ikusi dugun moduan, diru kopuru hori ez doala era zuzenean pertsonengana, baizik eta.Aldundiak bitartekari bat jartzen duela: zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresak.

Pertsonak dira bazterketa egoeran edo horren arriskuan daudenak, Aldundiak bultzaturiko azken publizitate kanpainaren bidez (Laguntzak bai; kontrol ere bai leloa duena) estigmatizatzen dituena. Izatez, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontuak oso ondo islatzen du zein den bazterketaren kontra jotzeak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeak duten garrantzia eskasa Aldundiaren politiketan. Sail honen aurrekontu baliagarriaren gehikuntza (%2,4), orokorrean BFAren aurrekontu baliagarriak izan duen % 2,57ko gehikuntzatik azpitik dago. Aldundiak erabiltzeko dituen 27 milioi gehiago horietatik, 1,2 milioi (% 4,4) besterik ez dira joan Sail honetara, gizarte-behar handienak dituzten pertsonengana zuzendutako politiketara. Oso adierazgarria!

Eta horren ondorioz, urrun gaude lankidetzarako % 0,7tik; enplegua sustatzeko bideratzen diren laguntzak ez dira nahikoak, tokian tokiko garapen agentziek (Behargintzek), autoenplegurako edo laneratzeko laguntzek bezala, orain dela urte batzuk zuten kopuru berbera jasotzen dute.

Ekonomia eta Lurralde Garapen Sailak 269 milioiko aurrekontu baliagarria du, baina gehiena ez dago ekonomia suspertzera bideratuta. Aurrekontuaren ia heren bat bi azpiegitura ordaintzera zuzenduta dago: Supersur eta Gerediaga-Elorrio. EAJ-k sorturiko azpiegituren finantzazio-arazo hau  bizkaitar guztiok ordaintzen ari gara.

Azken finean, aurrekontu hauek ez diete erantzuten bizkaitarrek dituzten beharrei. Pertsonek ez dute lehentasuna. Azpikontratazioek eta azpiegiturek eramaten dute diru gehien. Sail guztietan, betiko politika zaharrei eusten diete.
Egon badago, beste politika egiteko aukera. Diru-sarrera gehiago lortzeko zerga-politika aldatu behar da, baina ez EAJk, PSEk eta PPk adostu duzuen norabidean, kontrakoan baino. Eta badago ere daukagun dirua beste era batean inbertitzeko, behar handienak dituztenei zuzendutako politiketan inbertitzeko aukera.

EH Bilduk bere proposamena eta erantzukizuna adierazi du egungo egoerari buelta emateko, hala ere, EAJ-k beste behin muzin egin dio enplazamendu horri eta errejimena mantentzeko bidelagunak aukeratu ditu: PP eta PSOE, 155. artikulua babesten duten alderdi konstituzionalistak.

Bizkaitarren beharrei erantzun ahal izateko, bestelako politikak bultzatu behar dira, eta horregatik, OSOTASUNEZKO ZUZENKETA aurkeztu dugu, 2018ko Aurrekontuen proiektua itzultzea eskatuz.