EH Bilduk Bizkaiko gizarteari dei egiten dio hurrengo igandean, irailak 17, CEL enpresaren batzordeak deitutako manifestazioan parte har dezan. Manifestazioa bera goizeko 11etan aterako da Zallako udaletxetik.

Maiatzaren erdialdetik CEL taldeko enpresak ixteko mehatxupean daude . Enpresa batzordea bera izan zen ekainaren hasieran egoera hau salatu zuena zuzendaritzak jakinarazi zienean hiru hilabete lehenago argia ordaintzeari utzi ziotela. Hasieratik gizarte eragileek enpresaren kudeaketaz arduratzen direnen arduragabekeria salatu dute, baita instituzio publikoengandik (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia) jasandako abandonua ere. Azken bi hauek akzioen %40ren jabe eta makinen jabeak zirelako hurrenez hurren. Enpresa batzordearen hitzetan “Eusko Jaurlaritza eta Indarkia akziodun taldetik fede txarrez eta egoera larriaren jakitun zirela egin dute, ondorioz 300 familia guztiz abandonatu dituzte”. Azkenik enpresak Kaleratze Espedientea aurkeztu die langile gehienei. Hori dela EH Bildutik diogu inoiz baino gehiago CELeko langileekin egon behar dugula igandeko Zallako manifestazioan parte hartuz.

Kaltetutako familiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu eta horretarako borrokan euren alboan izango gaituztela adierazten diegu. Era berean Enkarterri, Ezkerraldea eta Meatzaldearako benetako politika industriala bat lortzearen alde lanean jarraituko dugu. EAJk ez die eskualde hauen beharrei erantzun eta ez du berrindustrializazio planik ezarri, ez zirelako bere hautes-feudoak eta ondorioz guztiz zokoratu ditu proiektu ekonomikoak Aurrera eramateko garaian. Soluzio urgenteak behar dira hiru eskualde hauen degradazioari aurre egiteko besteak beste bizkaitarron herena bertan bizi delako.