EAJ, PODEMOS eta EH Bilduk Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dute Bizkaiko Batzar Nagusietan Altsasun 2016ko urriaren 15ean gertatutako gatazkengatik Fiskaltzak zazpi gazteren kontra berrogei urteko espetxe zigorra eskatzeko hartu duen erabaki neurrigabearen aurrean.

PROPOSAMENA

2017ko uztailaren 4an ezagutu genuen fiskaltzak  joan den urriaren 15eko goizaldean Altsasuko taberna batean gertatutako istilu batengatik auzipetutako gazteentzat eskatu duen zigorra. Zazpi auzipeturi terrorismotzat jo dituzten lau lesio-delitu leporatzen dizkie eta hauentzat berrogeita hamar urteko espetxe-zigorra eskatu du, eta mehatxu terroristen delitua egotzita auzipetutako zortzigarren gaztearentzat hamabi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du. Fiskaltzaren eskaera hori harridura eta sumindura ari da sortzen gure herri eta auzoetan, erabat neurrigabeak direlako gertatutakoaren eta egitateen kalifikazio penalaren arteko proportzioa bai eta zigorra betetzeko eskatutako denbora ere. Proportzio-eza hori eta akusatu nahiz senitartekoentzat dituen ondorioak, bai eta gure herri eta hirietako elkarbizitza normalarentzako dituen ondorioak direla-eta, erantzun azkarra behar da gure erakundeen aldetik: proportzionaltasuna, bermeak eta justizia exijituko dituen erantzun bat. Arrazoi horregatik eskatzen dugu ebazpen-proposamen hau presako izaerarekin bideratzea.

1.- Altsasuko zazpi gazte auzipetuentzat eskatu den berrogeita hamar urteko zigorraren eta zortzigarren auzipetuarentzat eskatu den hamabi urte eta erdiko espetxe zigorraren  aurrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek erabateko desadostasuna adierazten dute, eta kezka handia adierazten dute gertaeren bilakaeragatik, auzia neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezinera heldu dela ikusita.

2.- Bizkaiko Batzar Nagusiek konpromiso irmoa adierazten dute elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko, zuzenbidezko estatu demokratiko baten berezko printzipioak direlako; eta adierazten dute kasu honi ezarri zaion neurrigabekeria normaltasun eta elkarbizitza demokratikoen aurkakoa dela.

3.- Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egiten dute Nafarroako Probintzia  Auzitegiak gertaeren inguruan terrorismo zantzurik ez dagoela esanez  azaldu dituen arrazoiekin eta zentzu berean berresten dute Altsasun joan zen urriaren 15ean gertatutako egitateak izapidetzeko eta epaitzeko eskuduntzek Iruñeko epaitegiaren ardurapean egon beharko luketela.