Gaur ezagutzera eman da Bakioko alkate ohiaren auzia ebazten duen epaia. Bizkaiko Probintzi Entzutegiaren Sententzia honek 1995 eta 2011 urte bitartean Bakioko alkatea izan zen Txomin Renteriari 2 urte eta 6 hilabeteko gartzela zigorra betetzera, 3 hilabeteko isuna ordaintzera eta Udalari 140.000 € ordaintzera kondenatzen du dokumentu publikoak faltsutzeagatik eta administrazioari maula (iruzur) egiteagatik. EH Bilduren iritziz kondena hau larria da oso Entzutegi Probintzialak, akusazio partikularrak eskatutako prebarikazio delitua baino delitu larriagoaz kondenatzen duelako Renteria, hain zuzen ere administrazioari iruzur egiteagatik.

Guzti honen atzean ez dago pertsona soil bat, ez da pertsona bakar baten jokaera isolatua. Sententzia hau PNVren kudeaketa publikoaren eredu jakinaren kontrako epaia da; hain zuzen ere politika egin, bizi eta ulertzeko moduaren aurkakoa. Azken hilabeteetan asko dira PNVren eskutik datozen honelako berriak: Karrantzako Minda, Barrika, Alonsotegi, Berriz,… guzti hauek diru publikoarekiko eta hiritarrekiko errespetu gutxi erakusten duten ereduak dira.

Talasoterapiarena ez da izan kasu isolatu bat izan, prozedura penal honetan agerian gelditu da beste zenbait gaiekin ere Bakioko alkateak hainbat irregulartasun egin zituela, inpunitate osoz jokatzen zuelako. Irregulartasun horien ondorioz Bakioko Udalak 471.146,48€ galdu zituen. Azken hamarkadetako kudeaketak larrialdi egoerara eraman zuen Bakio. 2014an hain zuzen ere EAEn pertsona bakoitzeko zorrik handiena zuen udala zen Bakiokoa. Gaur egun ordea EH Bilduk gidatzen duen udal honek legegintzaldi amaierarako zorra %50etik behera jaisteko helburua jarri du, ondorioz Bizkaiko Foru Aldundiak udalari kontuak hartzeari utziko lioke eta doitze planetik aterako litzateke.