Herri dirubideen euskal Kontseiluaren bileraren ostean eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren adierazpenak direla eta, diru-bilketa sistema orokorrean berrikustearen beharra berresten dugu sozietateen gaineko zerga abiapuntutzat hartuta. Diru gehiago bildu behar da baina batez ere era justuago eta progresiboago batean egin behar da. Ohikoa denez fiskaltasunaren pisua langileon bizkarrean erortzen da. Datuak argiak dira, PFEZ-agatik bildutakoa %4,23 igo den bitartean sozietateen gaineko zergan jaso dena %4,27 jaitsi da. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak erreforma fiskalaren ondorioen gaineko hausnarketa egingo duela iragarri du. Baina hau dagoeneko Araban Foru Gobernua eta EH Bildu, Podemos eta Irabazi alderdien artean aldez aurretik adostua zegoen (aurrekontuak onartzeko arkordioa). Hausnarketak alde batera utzi eta ekin diezaiogun fiskaltasun progresiboa ezartzeari Europako sistema fiskal aurreratuenen antzera. EH Bildukideoi Unai Rementeriak atzo egin zituen adierazpenek asko kezkatu gaituzte atzo. Bere hitzetan “ez da halabeharrez erreforma fiskalik egongo”. Behin eta berriz argi geratzen ari da egungo sistema ez dabilela eta aberastasun gehien dutenei egiten diela mesede. Ahaldun Nagusiari eskatzen diogu ausarta izan dadila eta anbizio handiko erreforma fiskala proposatu dezala, gehien duenak ekarpenik handiena egin dezan eta era berean Bizkaiko ogasunak behar dituen baliabideak izan ditzan iruzurgileei aurre egin ahal izateko.