Aurrekontu publikoak ardura handiz diseinatu beharrekoak dira, izan ere, herri baten norabidea guztiz baldintzatzeko indarra dute. Aurrekontuen bidez erabakitzen da bertako herritarrak nola biziko diren eta zelako bizi-baldintzak izango dituzten. Horregatik, aurrekontuak diseinatzerakoan aldez aurretik erabakia izan behar da gure herritarrak zelako bizi-baldintzetan bizitzea nahi dugun. EH Bildutik zelan ikusten dugun bizi behar direla bizkaitarrak? Herritar orok, salbuespenik gabe, kalitateko zerbitzu publikoak bermatuta izan behar ditu. Horretaz gain, ezinbestekoa da herritarrek kalitateko enplegurako eskubidea izatea duintasunez bizi ahal izateko.
Gure herrialde honetaz hitz egiterakoan baten batzuei modernotasuna eta garapena bezalako berba handiez betetzen zaizkie ahoak, ostera, egunerokoan ispiluaren aurrean jartzen garenean begibistan agertzen zaizkigu politika foralek sortzen dituzten miseria eta kontradizio politikoak.
Inori ez al zaizkio koloreak gorritu baliabide ekonomikorik ez duen Bilboko emakume bat, Begoña, Alokabideko etxeetatik kaleratzerakoan? Inori ez al dio loa kentzen gure nagusientzako erresidentzi zerbitzuak azpikontratatuta izateak, langileak esplotatuta dituztela eta horrek nagusientzako kalitatezko zerbitzua bera ere kolokan jartzen duela jakinda? Inork ez al du erantzunkizunik sentitzen erakundeetatik enplegu politika seriorik lantzen ez den bitartean Sidenor edo Vicrila bezalako enpresak ixteko edo prekarizatzeko arrisku nabarmena dagoela ikusita?
EH Bilduk herritarrak erdigunean dituen politikak lehenesten ditu eta, zoritxarrez, EAJ eta PSEren artean adostu dituzten aurrekontuak ez doaz norantza horretan. Horregatik, osoko zuzenketa aurkeztuko diegu Bizkaiko aurrekontuei, eta Arantzak aurkeztuko dizue haien edukia jarraian. Baina amaitu aurretik, eskua luzatu nahi diegu erakunde honetan ordezkatuta dauden sentsibilitate ezkertiarrenei aurrerantzean elkarlanean aritzeko Bizkaia kapitalaren menera baino herritarren beharrizanetara begira kokatzeko, alegia, herritarrak erdigunean izango dituzten politikak aurrera ateratzeko.
Jasonek esan duenez, aurrekontu publikoek marrazten dute nolako bizimodua izango duten bertako herritarrek. Aurrekontuak ez dira zenbaki hutsak, ez dira neutroak, aurrekontuetan erabakitzen da nortzuen mesedetara jartzen diren politika publikoak. Eta hori da EH Bildun geure buruari egin diogun galdera: aurrekontu hauekin nortzuk ateratzen dira irabazle? Eta nortzuk galtzaile? Bada, diru-sarreretatik hasten bagara, argi dago: lan-errenten bidez langileok, iaz baino 98 milioi euro gehiago ordainduko dizkiogu Bizkaiko Ogasunari; ordea, Sozietateen Zergaren bidez, enpresek 210 milioi euro gutxiago ordainduko dituzte. Beraz, Zerga-sistema honekin, argi eta garbi langileok galtzaile.
Gastuen alorren sartzen bagara, behin eta berriro entzuten dugu ez dela murrizketarik izan. Hori ez da egia. Bizkaiko aurrekontuetan murrizketa sozialak daude eta bereziki, gainera, gizarte-behar handienak dituzten pertsonei zuzendutako politiketan nabari dira, esate baterako, gizarte bazterketaren aurkako programa eta enplegua sustatzeko programa murriztu egin dituzte. Galtzaileak, pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden pertsonak.
Gizarte Ekintzara begiratuta, esaten digute zerbitzu publikoetan ez dagoela murrizketarik. Esaten ez digutena da zerbitzu publiko berrietarako inbertsioa ZERO dela. Zeren hazten direnak, adinekoen kasuan ohe kontzertatuetarako partidak dira. Beraz, egoitza pribatuen jabeak irabazle, eta egoitzetan dauden nagusiak galtzaile, ez daukatelako zerbitzuen kalitatea bermatuta. Aurrekontuetan handitu den Saila, Ekonomia eta Lurralde Garapenekoa izan da. Ekonomia sustatzeko asmoa adierazten badute ere ere, egitateek bestelakoa erakusten digute. Aurrekontuetan Berrikuntzarako 4 milioi gutxiago daude; Enpresa Sustapenerako, 1,5 milioi gutxiago, eta Turismorako 1,6 milioi gutxiago.
Bestalde zertan igo dira aurrekontu partidak? Adibidez, azpiegituretarako. Zehazki, Gerediaga-Elorrio dela eta ordaindu beharreko kanona 44,7 milioi eurokoa da. Esaten dute Gerediaga-Elorrio “dohainik” dela. Gezurra. Errepide hori bizkaitar guztiok ordaintzen dugu aurrekontuetan ikusten denez. Eta kantitate hori datozen 20 urteotan ordaindu behar dugu bizkaitarrok. Nortzuek irabazten dute? Gerediaga-Elorrio egin zuten enpresek.
Euskara eta Kultura Sailari 5,5 milioi gutxiago ematen zaie aurrekontuetan, baina dena ez da gutxitzen: Guggenheim Museoak gehiago jasoko du,… hau da, azpiegitura handiko eta espektakulu gisa ulertzen den kultura bultzatzen da. Sortzaileentzako, berriz, dirurik ez. Nortzuk galtzaile? kultura herritarra eta tokiko kultur eragileak.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko Sailean, 10 milioi gutxiago daude, baina bereziki murriztu dena da nekazariei eta abeltzainei bideraturiko diru-laguntza zuzenak. Bitartekari moduan aritzen diren elkarteentzat, aldiz, mantendu egiten da aurrekontua. Galtzaileak, 1. sektoreko langileak.
Eta Sail gehienetan gutxitzen diren partidak udalei zuzendutakoak dira. Udalkutxatik, udalek 23,7 milioi gutxiago jasoko dituzte. Baina horretaz gain, Sail guztietan arlo ezberdinetako ekintzak bultzatzeko diru-laguntzak daude. Horietariko gehienak murriztu dira eta udalek diru-laguntzetan 1,5 milioi gutxiago jasoko dituzte. Galtzaileak, beraz, Udalak, eta ondorioz, herritarrak. Aipamen berezi bat merezi du desagertu den diru-laguntza batek: 5.000 biztanletik behera dituzten udalei zuzendutakoa, gizonen eta emakumeen berdintasunerako proiektuak lantzeko. Lehen ere 120 mila euro besterik ez ziren, baina orain guztiz desagerrarazi dute partida hori. Galtzaileak, emakumeak.
Ikusten denez, Bizkaiko aurrekontuekin gutxi batzuek irabazten dute eta bizkaitar gehienok galtzen dugu. Horregatik, aurrekontuei ezetz diogu eta osotasunezko zuzenketa aurkeztuko dugu.