Aurrekontuei herritarrek egin zitzaketen alegazioei buruz egon den publizitate eta informazio falta salatu du EH Bilduk.

Atzo amaitu zen 2017ko aurrekontu proiektuari herritarrek alegazioak aurkezteko epea. Aurten 20 alegazio besterik ez dira aurkeztu, hauetatik 17 gai beraren inguruan aritzen direlarik. Gertakari honek agerian uzten du Batzar Nagusiek eta Aldundiak ez dutela behar bezain beste egiten herritarrek prozesu honen inguruko informazioa izan dezaten. Iaz egin genuen moduan aurten ere gure ezinegona agerian utzi nahi dugu, herritarrek aurrekontuak aztertu eta alegazioak aurkezteko 10 egun besterik ez dutelako.

Iaz herritarrek, elkarteek eta erakundeek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuari alegazioak aurkezteko aukera izan zuten lehen aldiz. Albiste ona izan beharko lukeena itxura besterik ez zen izan, Aldundiak bizkaitarroi ahotsa eman zitzaiela publikatu ahal izateko. EH Bilduk bere buruari galdetzen dio ea non dauden aurrekontuak eta bere prozedura herritarrei argiki azaltzeko prozesuak? Batzar Nagusietako webgunean aurrekontuak eta alegazioak egiteko atala topatzea ez zen batere erraza, bestalde Aldundiaren webgunean publizitaterik ere ez da egon. Aldundia herritarren parte hartzea bultzatzeko egiten ari den lana goraipatzen du behin eta berriz baina bere jarduera guztiz kontrakoa da.

EH Bildun jardunaldi bat ospatu dugu aurten ere gizarte eragileekin, ahal den heinean aurrekontuak azaltzeko asmoz, Aldundiak egin beharreko lana geuk eginez. Honekin Bizkaiko herritarren iritzia 2017ko aurrekontuetan islatzea izan da gure helburua.