Garraio publikoan hutsean amaituko dutela legealdia salatu du

Transformazio Agroalimentarioaren zentroaren bigarren fasea martxan jartzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko konpromisoa hartu ditu

Kike Fdez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek, Gasteiz eta Lur Jareetako zerrendaburuek hurrenez hurren eskualdeko programa azalduko dute gaur Dulantzin

Gasteiz. 2019-03-14. EH Bilduk Arabako Lautadarako programa azaldu du gaur arratsaldean Dulantzin egingo den ekitaldian. Lehentasunen artean, kalitatezko garraioa zein zerbitzu sozialak daude. Izan ere, EH Bilduko bozeramaileak kritikatu duen bezala, Foru Gobernuak hutsean pasako du legealdia garraioari dagokionez. “Garraio eskualde planak plan bat izaten jarraitzen du, ez da abian jarri eta tren soziala martxan jartzeko proiektua –Arabatran- kaxoi batean gordeta dute, lurralde suntsitu eta herritarrei zerbitzua emango ez dien AHT bezalako azpiegitura bultzatzen duten bitartean”, azaldu du Kike Fdez de Pinedok. “Guk ArabaTran tren soziala martxan jarriko dugu Lautadako herritarren mugikortasun beharrak aseko dituen eta merkantziak garraiatzeko bateragarria izango den Gasteiz-Altsasu trenbidea modernizatzeko lanak burutuko ditugu”, zehaztu du Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak.  

Zerbitzu sozialen arloan, EH Bilduk udal eskumenen zuzeneko kudeaketaren alde egin du. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak finantzazio nahikoa bermatu behar du gertutasunetik Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Eguneko Zentroak eta Etxebizitza komunitarioak kudeatu ahal izateko. Horrez gain, Eskualdeko Berdintasun Kontseiluari ere bultzada bat eman nahi dio EH Bilduk Kuadrillatik aurrekontu finko bat eskainiz.

Bestalde, EH Bilduk transformazio agroalimentarioa eta ekonomia zirkularra aipatu ditu. Ildo horretan, EH Bilduk Okiturrin Donemiliagako Udalak eta Lautadako ADRk irekitako Transformazio Agroalimentariorako Gunearen bigarren faseari ekin nahi dio. Horretarako, untxi eta oilaskoentzako hiltegi bat abiaraziko du, orain arte bezala bertako ekoizle txikiekin elkarlanean. Era berean, energia iturri berriztagarriak sortzeko aukera berriak aztertzeaz gain, bertako basoen kudeaketan sustengatutako Biomasa proiektuak bultzatuko ditu EH Bilduk eta hiri hondakin organikoak Konpostaje planta berri baten bitartez kalitatezko lehengai eta ongarri bilakatuko ditu, bertako nekazarien larre eta soroetan erabiltzeko.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba