Iñaki Ullibarri: “Azpiegituren politika garanpekeria planteatzeaz gain ez du parte-hartze eraginkorra sustatzeko inolako mekanismorik jasotzen”

Gasteiz. 2019-02-14. Aste honetan amaitu da Arabako Errepideen Plan Integralari zuzenketak aurkezteko epea eta EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Izan ere, nahiz eta ekarpen ugari egin, gehienak baztertu egin ditu Foru Gobernuak eta araudi zaharkitu batean oinarrituta dena utzi du osoko eztabaida baten baitan. “Une honetan edo babesten duzu edo baztertzen duzu tramitean dagoen Foru Araua. Ekarpenak, zuzenketak edo proposamenak egiteko bide guztiak itxi ditu Gobernuak. Hortaz, ez dago inolako aukerarik ezer ez adosteko”, azaldu du EH Bilduko batzarkidea Iñaki Ullibarrik.

Bi dira EH Bilduren ustez akats nagusiak. Batetik, planaren filosofia “kontinuista” bera. “Hori esaten da nolabaiteko meritua izango balitz bezala ahaztu nahian krisiaren sakoneko erroetariko bat izan zela azpiegitura handi, ertain eta txikietako porlanarekiko menpekotasun suizida eta miresmen eroa”, esan du Ullibarrik. Bestetik, parte-hartze prozedurak protokolo bat egiteari uko egin dio Foru Gobernuak. “Ezagun da bide azpiegituren garapenak askotan tokian tokiko gatazkak eragiten dituela eta holako gatazkak sortzen direnean, gehien-gehienetan, guztietan ez bada, kale egiten du parte-hartze eraginkorra sustatzeko gobernantza ereduak. Gehienez jota, eta gatazkak leher egiten duenean, ez lehenago, inprobisatu egiten da hobeto edo gaizkiago nolabaiteko prozesu parte-hartzailea, gehienetan ere paternalismo eta agintekeria dosi handiak uztartu ohi dituena, teknokrazia zein burokrazia ur sakonetan askotan oso arrazoizkoak izaten diren eskaerak itotzea helburuarekin”, gaineratu du EH Bilduko batzarkideak.

Azkenik, eta proiektu zehatzei bagagozkie, Foru Gobernuak onartu ez dituen proiektuak aipatu ditu: esate baterako, Zanbrana eta Gatzaga-Buradon herrien arteko N-124 bikoizteari uko egitea, Azazetako zeharbideari eman nahi zaion konponbide eskasa edoTrebiñurekiko erakusten duen axolagabekeriak.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba