Uraren kudeaketan Aldundiak Arabako toki erakunde gehienak diskriminatzen dituela salatu du EH Bilduk. Josepe Martioda, EH Bilduko zinegotzia Erriberagoitian eta Mendi-Haran Ur Partzuergoko presidentea, Afro Olabe – Barrundiako alkatea eta Elegeako Ur Partzuergoko presidentea- eta Txelo Auzmendi Asparrengo alkatesaren bidez egin du.

Azaldu dutenez, ez da lehen aldia izan eta beste behin Ingurumeneko Foru Aldundiak Arabako Toki Erakundeekin jarrera diskriminatzailea adierazi du. Horrela gelditu zen jasota pasa den urteko abenduan mozio bat onartu zenean. Bertan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zitzaion “Arabako Lurralde Historikoaren Toki Erakunde guztiekin elkarlana eta partehartze orekatua izatea ur zikinen araztegien ustiapen, mantenu eta kontserbazio lanetan”.

Hala ere, Asparrengo eta Zuiako udalek ez dute oraindik jaso dagokien finantzazioa nahiz eta eskatu mozio hori Ingurumeneko Batzordean onartu ostea. “Gaur, Galera jaunaren klientelismo politikoaren beste atal bat salatzera etorri gara”, aipatu dute.

Izan ere, pasa den abenduaren 28an, Arabako Ur Patzuergoa-Consorio de Aguas de Alava izendatu berri duten partzuergoari 500.000 euroko diru-laguntza ematea onartu zuten Arabako Lurralde Historikoaren Ur Patzuergo berria abian jartzeko asmoz.

“Berriz ere, uraren kudeaketan eskumena duten toki erakunde gutxi batzuei mesedea egiten diete, Araban existitzen diren 340 toki erakundeetatik 73 erakundeei, hain zuzen eta horrek ezinegon handia sortu du herrietan ulertzen delako lehen eta bigarren mailako toki erakundeak daudela gure lurraldean”, esan dute. Ildo horretan, Arabako instituzioetan hainbat ekimen aurkeztuko dituztela aurreratu dute. “Baldintza berdinetan toki erakunde guztiei laguntzea Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna da eta, horretarako, hainbat ekimen eramango ditugu instituzioetara” azaldu dute.

Bestalde, partzuergo bakarraren sortze prozedura kritikatu du berriz EH Bilduk. “Arabako Foru Aldundiak duen legitimitatean sartu gabe, ez dugu begi onez ikusten ez nola ezta kudeaketaren emaitza ere. Gure ustez, zentralizazio ahalegin horrek zauriak sortu ditu lurralde osoan zehar eta denbora beharko da zauri horiek sendatu ahal izateko. Izan ere, elkarte berri horretan sartzeko pausua eman duten erakundeek – bere borondatez edo behartuta- ez dakite ze ondorioak izango dituen. Gure ustez, erabili den prozedura ez da legezkoa eta hainbat udalerrietako osoko bilkuretan onartutako erabakien aurka helegitea aurkeztu dugu. Erriberagoitiak, Dulantzin eta Agurainen izan da”, azaldu du Josepe Martiodak.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba