Urkabustaizko alkategaia udalerriko kontzejuen finantzazioa hobetu eta frontoiaren berrikuntza osoa egitea planteatu du

Kike Fdez de Pinedo: “eskualdea bizirik izateko eta gazteak egoteko ezinbestekoa da hobetzea zerbitzuak, etxebizitza eta lan alternatibak”

Araba. 2019-02-02. Urkabustaizko Alkatetzarako EH Bilduko hautagaia Xabi Alvarez de Arcayak enplegu berdea sortzea eta ekintzaileak babestea proposatu du. Lehenengoan hondakin organikoen bilketaren bidez eta bigarrena araudian egin beharreko aldaketak bultzatuz. Bestalde, kontzejuen finantzazioa hobetu eta frontoiaren berrikuntza osoa egitea planteatu. Horiek dira, besteak beste, aipatu diren egitasmoak gaur goizean Izarran egin den aurkezpen ekitaldian. Bertan, Xabi Alvarez de Aracayarekin batera, Kike Fdez de Pinedo egon da, Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia.

Etxebizitzari dagokionez, udalerrian alokairu sozialaren etxebizitza parke bat sortzea proposatu du. “Hutsik dauden baserriak aztertu nahi ditugu banan-banan jabeekin batera berreraikuntza egiteko eta bertan gazteen beharrei erantzuteko etxebizitza eskuragarriak egin ahal izateko”, laburbildu du Alvarez de Arcayak.

Ildo horretan, Fdez de Pinedok azpimarratu du “eskualde bizia izateko, gazteekin, ezinbestekoa da zerbitzuak, etxebizitza eta jarduera ekonomikoa zein lehen sektoreari lotutako lan aukerak hobetzea”. Lehen sektoreari lotuta, EH Bilduk lurren banku publikoa sortzearen beharra defendatu du, baita udaro errepikatzen den uraren gabeziari aurre egiteko behin betiko soluzio bat ere.

Bestalde, Urkabustaizko Alkatetzarako EH Bilduko hautagaiak ekintzaileak babestu behar direla nabarmendu du eta horretako araudian egin beharreko aldaketak bultzatuko dituztela esan du udalerrian ekimen ekonomikoen ezarpena errazte aldera. Era berean, politika sozial eta kulturalak diseinatzeko orduan herritarrei entzuteko konpromisoa hartu du, gazte eta adineko herritarrengan arreta berezia jarriz.

Halaber, Berdintasunezko zerbitzutik heltzen diren proposamen zein ekimenak bultzatuko dituela esan du. “Azken legealdian gazteen beharrei erantzuteko inolako proposamenik ez da egin, eta hori bera gertatu da adineko pertsonekin eta udalerriko berdintasunezko zerbitzutik etorri diren proiektuekin. Hori guztia errotik aldatu behar da” azpimarratu du Alvarez de Arcayak.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba