Gaur amaitu da 2019rako Zerga Neurrien Foru Arauari zuzenketak aurkezteko epea eta EH Bilduk Sozietate Zergan ondare sozietateak ezabatzeko proposamena erroldatu du. Neurri horrekin, Ondare handiek dagozkien zergak ez ordaintzeko zerga ingeniaritza erabili ez dezatela saihestu nahi du EH Bilduk. Izan ere, azken aldi honetan, ezagunak izan dira, besteak beste, Pedro Duque eta Rosa Maria Mateoren adibideak formula horiek esker 85.000-12.000 euro ez zizkiotelako Ogasunari.

EH Bilduko batzarkidea Nerea Martinez Cerrillok azaldu duen bezala, sozietate horien sorrera ondare eta ondasun higiezina eta higigarria kudeaketa da eta ez dute zertan jarduera ekonomikorik egin behar. “Arazoa sortzen da batez ere ondare horiek alokairuan jartzen direnean edo saltzen direnean onura fiskalak izaten dituztelako. Aipatzekoa da horrelako sozietateak sortzen direla ondarea 50.000 eurotik gorakoa denean; hortaz, errenta baxuek edo klas ertainek ez dute inolako onurarik izaten zerga ingeniaritza formula horiek erabiliz gero”, kritikatu du EH Bilduko batzarkideak.

Bestalde, EH Bilduk berriz esan du Foru Gobernuak tranpa egin duela zerga horien aldaketak tramitatzeko orduan. Kasu honetan Errenta Zergari, Sozietate Zergari eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergari egin dizkiote hainbat aldaketa foru arau bakar bat tramitatuz. Hori dela eta, batzarkide taldeek bakarrik aurkeztu dizkiete proposamenak aldatu diren artikulu zehatzei.

“EH Bildutik beti defendatu dugu gehiago jaso behar dela eta, batez ere, bilketa hori modu justuago batean egin daitekela. Izan ere, proposamen zehatzak ditugu zerga politika justu hori bermatzeko baina aukeratu den prozedura dela eta ezin ditugu gure proposamenak aurkeztu. Pena bat da EAJk bi eredu horien konfrontazioa saihestea: batetik, ondare eta enpresa handiak saritzen duen Foru Gobernuaren eredua eta bestetik, pertsonen beharrei modu justu batean erantzun nahi dien EH Bilduren eredua”, gogoratu du Martinez Cerrillok.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba