Hautagaitzaren aurkezpenean, Jose Manuel Villanuevak azpikontratatuta dauden zerbitzuak publifikatzea planteatu du

Oion. 2018-12-10. Oiongo jarduera ekonomikoa berpizteko eskualde mailako plan bat proposatu du EH Bilduk. Horrela azaldu du Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaia eta bozeramailea Kike Fdez de Pinedok, Arabako Errioxako alkategaiaren aurkezpenean. “Herriak bizirik nahi baditugu, onartezina da langabezia tasa ia %20koa izatea. Oiongo jarduera ekonomikoa berpizteko eskualde plan bat behar dugu, tokiko garapenean oinarrituko dena, Araba Errioxatik Araba Errioxara eginikoa, egungo jarduerak bultzatuko dituena, formakuntzan eta berrikuntzan inbertituko duena. Ezinezkoa da Araba Errioxako bezalako eskualde batean lanbide heziketarako zentro bat ez egotea. Gazte zein emakumeei begirako lanpostuak sortu dituen plan bat behar da”, azaldu du Fdez de Pinedok.

Ildo horretan, Oiongo Alkategaia Jose Manuel Villanuevak azpikontratatu diren zerbitzuak udalaren esku berriz uztea planteatu du. “Udal honek 200.000 euro gastatzen ditu urtean kale garbiketan eta lorategien mantenuan. Azpikontratazio horiekin amaitu behar dugu eta Udala izan dadila kontratazioak egin dituena gure herrian lanpostuak sortuz” azaldu du Villanuevak. Era berean, arabar guztiek eskubide berdinak izatearen alde azaldu da eta, ondorioz, Lezako ospitalea eskualdeko erreferentziazko zentroa izatea eskatu du bertakoei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko.

Bestalde, Fdez de Pinedok turismo jasangarri eta deszentralizatuta, ondarea balioan jarri, ardogintzarako eredu propioa eta herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatu ditu. “Aldaketak nahi ditugu, gutxieneko soldata eta pertsona guztien bizi baldintzak duinak bermatuko dituzten tresnak nahi ditugu. Horrez gain, guretzako euskaldunak izango dira Euskal Herrian lan eta bizi diren pertsona guztiak, jatorria eta azaleko kolorea kontuan izan gabe. Euskal Herri anitzean sinesten dugu, eta internazionalismoan gure ADNn dago, solidarioak gara eta horren adibidea Oion da. Beti izan da etorkinak hartu dituen herria”, esan du Fdez de Pinedok.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba