Kike Fdez de Pinedo: EAJk egindako kontraproposamena EH Bilduren eskaintzatik oso urrun dago, zinez uste dugu EAJ erosoago dagoela PPren aurrekontuen luzapenarekin

Gasteiz. 2018-11-29. Aurrekontuei buruzko akordio batera heltzeko EAJk ez duela inolako borondaterik Araban antzeman du EH Bilduk. Izan ere, pasa den azaroaren 7an egindako eskaintzatik oso urrun dago EAJren kontraproposamena. “Zinez, uste dugu EAJk ez duela akordio batera heltzeko inolako borondaterik eta erosoago dagoela PPrekin batera onartu zituen aurrekontuetan” ohartarazi du EH Bilduko bozeramailea Kike Fdez de Pinedok.

Pasa den azaroaren 7an, Arabako Mahai Politikoa bildu ostean, EH Bilduk lau ardatz handien inguruan proposamen argia eta idatziz helarazi zion EAJri: zerbitzu sozialetako adinekoen arloan plaza publikoak sortzea, uraren kudeaketa integral berria eta, horrekin batera, egungo trenbidearen modernizazioa, toki erakundeen finantzazioa hobetzea eta zerga bilketa justua. EAJren gobernuak bi aste hartu zituen erantzun bat emateko eta aurreko asteazkenean egindako bilkuran bakarrik onartu zuen erdizka ardatz bat, toki erakundeen finantzazioari dagokiona, hain zuzen.

Gutxi balitz, azaroko osoko bilkura tradizionalean, EAJk zerbitzu sozialen arloan akordio batera heltzeko ate guztiak itxi zizkion behin betiko baztertu zuenean San Prudentzio egoitzan 65 plaza berri egiteko egitasmoa. Hori dela eta, EH Bilduk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, baita lau ardatz horietan zentratuko diren zuzenketa partzialak ere.

  1. Araba Berdea: atal honetan uraren kudeaketa eta garraio publikoa daude.
    1. Uraren kudeaketari dagokionez, Arabako Foru Aldundiak bultzatu duen partzuergo bakarraren porrota gogoratu beharra dago. Hori dela atera, atzera egitea eta benetako parte-hartze proiektua martxan jartzea toki erakundeekin batera planteatzen da. Era berean, Barron urtegiari alternatibak bilatu behar dira.
    2. Garraioari dagokionez, tren soziala bultzatu nahian, Gasteiz-Iruña eta Gasteiz-Burgos korridoreen modernizazioa aztertu behar da. Halaber, Arabatran egitasmoaren lehen fasea martxan jarri eta horrekin batera, ezinbestekoa ikusten da Lautada, Añana eta Errioxako AHTren egitasmoak atzera botatzea. 
  1. Araba Zantzailea: zerbitzu sozialei dagokienez, plaza publikoak sortzea planteatzen zen egungo San Prudentzio Egoitzan 65 plaza berri egiteko egitasmoa berrartuz. 
  1. Araba Bizia: toki erakundeek autonomia eta erabakitzeko ahalmena izatea ezinbestekoa da lurralde bizi bat izango dugula bermatzeko. Horregatik, toki erakundeen finantzazioari dagokionez, EH Bilduk oinarrizko hiru baldintza jarri zituen mahai gainean: FOFEL-en ekarpena igotzea hurrengo bi urteotan %58ra heldu arte, Udalerriek partaidetza finkoa igotzea 70.000 eurotara eta zati osagarriaren beste banaketa bat kontuan izateko populazioa eta kohesio-faktorea. 
  1. Araba Justua: zerga bilketa gora doa baina ez da justua. Horregatik, EH Bilduk zerga politikan aldaketak plantatzen ditu zerga bilketa handitzeko baina, batez ere, modu justuagoan egiteko. Premiaz hartu beharreko neurrien artean, EH Bilduk nabarmentzen ditu: ondare handien zerga sortzea eta Sozietate Zergan aldaketak.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba