Kike Fdez de Pinedo: Ingurumeneko Sailak datuak moldatu ditu Aldundiak bultzatu duen ur partzuergoaren porrota ezkutatzeko asmoz, babes nahikoriz ez duelako nahiz eta toki erakundeak presionatu eta xantaia egin”

Gasteiz. 2018-11-27. Ingurumeneko Foru Sailetik bultzatzen ari den ur partzuergoari buruzko datuak ezkutatu eta manipulatu dituela leporatu dio EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, pasa den irailaren 21ean, Ahal Dugu-Podemos batzarkide taldeak egindako idatzizko galdera bati erantzunez, ordura arte, 57 toki erakundek ur partzuergo berriarekin bat egiteko asmoa zutela esan zuen Sailak, hau da, Arabako Toki erakundeen %17a gutxi gora behera.


Lau egun geroago, EH Bildu Batzarkide Taldeak toki erakunde horien zerrenda eta ordura arte jasotako jakinarazpenen kopia eskatu zituen. 24 egun geroago, Ingurumeneko Foru Sailak eskatutako informazioa antolatzeko eta bidaltzeko astirik ez zuela izan esan zuen. Orduz geroztik, bi babes eske behar izan dira, informazio hori eskuratu ahal izateko. Tartean, Foru Sailak beste idazki bat bidali zuen eta 57 toki erakundeen zerrenda gehitu zuen argituz atxikimendua emanda zutela edo informazio gehiago eskatuta zutela. Hori bai, azaroaren 15eko datarekin bidali zuen.

Azkenik, aurreko asteko ostiralean, EH Bilduk Sailera joan behar izan zuen eta banan banan aztertu zituen komunikazio horiek eta susmatzen zuenez, 57 toki erakunde horietatik soilik 36k ur partzuergo berrian parte hartzeko atxikimendua eman dute, hau da, %10a. Horietako batzuk irailaren 21a baina beranduago egin dute. Beste 21ek informazio gehiago eskatzen zuten eta zehazten zuten informazio eskaera horrek ez zuela esan nahi bat egingo zutenik.

EH Bilduko bozeramailea Kike Fdez de Pinedok esan du “Ingurumeneko Sailak datuak moldatu ditu Aldundiak bultzatu duen ur partzuergoaren porrota ezkutatzeko asmoz, babes nahikorik ez duelako nahiz eta toki erakundeak presionatu eta xantaia egin”.

Era berean, Batzarkide Taldeak egin beharreko fiskalizazio lanak egiteko orduan etengabeko oztopoak salatu ditu. “Gardentasuna bandera duen gobernu batek ezin ditu bi hilabete behar oposizioko talde batek eskatutako informazioari sarbide emateko”, kritikatu du Fdez de Pinedok.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba