EAJk tranpa juridikoa erabili nahi duela egin beharreko kontratazio prozedura saihesteko susmoa du EH Bilduk.

Luis Salgado: “EAJk legealdia amaituko du adinekoentzako plaza publiko bakar bat sortu gabe; San Prudentzio egoitzan 65 plaza berri egiteko egitasmoa baztertu ostean, bakarrik dakigu enpresa pribatu bati laga diola lursail bat”

Gasteiz. 2018.11.08. Lakuan eraiki behar den egoitzaren kudeaketa publikoa izatea eskatu du gaur EH Bilduk. Izan ere, Foru Gobernuak San Prudentzio egoitzan gaur egun hutsik dagoen solairuan 65 plaza berri egiteko egitasmoa baztertu ostean, Foru Gobernuak zalantzazko prozesu bat abian jarri du. EH Bilduko batzarkidea Luis Salgadok ohartarazi duen bezala, “une honetan datu objektibo bakarra da Foru Aldundiak enpresa pribatu bati –Arabarren izenekoa- laga diola 40 urtez lursail bat 125 plaza izango dituen egoitza bat eraikitzen eta kudeatzen badu”. Bere aldetik, Arabako Foru Aldundiak 125 plaza horiek kontzertatzeko konpromisoa hartu du, inolako kontratua sinatu ez duen arren.

EH Bilduk azpimarratu ditu azken hilabeteotan Foru Gobernuak egin dituen etengabeko kontraesanak. Egoitza berri bat eraikiko zela iragarri zuen eta 2018ko aurrekontuetan milioi bat euro gorde zituen horretarako. Baina, kontratazio publikoaren azken legean jasota dagoen ezohiko formula bat erabili nahi du eta, horren arabera, zerbitzu publiko bat eskaintzeko ez da lehiaketa publiko bat egin behar interes sozialeko kooperatiba baten bitartez egiten bada.

Helburu horrekin, Arabarren sortu zen, LKS Ingeniaritza eta Quiron enpresek sortutako kooperatiba eta erroldan izena eman zuen EH Bilduri idatzizko erantzun bat emateko epea amaitu baino hiru lehenago. “Momentuz, protokolo bat sinatuta dago, besterik es, baina ematen du EAJk tranpa juridiko bat erabili duela egin beharreko kontratazio prozedura saihesteko eta, ondorioz, ez lirateke errespetatuko berdintasuna, gardentasuna eta lehia askea printzipioak” aipatu du Salgadok. Gutxi balitz, kasu honetan, egoitzaren eraikuntza ere kontratatu nahi da eta horrek ez du zerikusirik legeak baimentzen duen prozedura horrekin, hau da, lehiaketa publikorik gabe zerbitzu bat kontratatzea.

Hori dela eta, EH Bilduk azpimarratu du Foru Gobernuak legealdia hutsean amaituko duela adinekoentzako plazen sorrerari dagokionez. Izan ere, urte amaitu baino lehen lanak hasiko zirela eta proiektu bat egina zegoela iragarri zen baina, orain Foru Gobernuak aitortu du aipaturiko egitasmoa oraindik orain azterketa fasean dagoela.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk ulertzen du Arabako Foru Aldundiak oraindik egoera berbideratzeko aukera duela eta egoitza horren kudeaketa publikoa izatea eskatzen du. “Lakuan, Abetxukon eta Ariznabarran beste formula batzuk erabili izan ditu eta, horrela, gutxienez, kudeaketaren gaineko kontrola bermatzen da” ondorioztatu du Salgadok.

Argazkia: @elcorreo_alava

 

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba