Ehun lagunetik gorak parte hartu dute Araba Biziberrituren lan taldeetan, despopulazioa eta lurralde orekari buruzko eztabaida eta hausnarketa prozesua

Gasteiz. 2018-07-10. Arabako landa eremua biziberritzeko erakunde publiko guztien ikuspegi integrala eta zeharkakoa eskatu du EH Bilduk. “Alderdien interesak gaindituko dituen epe ertain eta luzerako estrategiak behar ditugu”, azpimarratu dute Kike Fdez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek Araba Biziberritu dinamikaren ondorioen aurkezpenean. Otsailean hasi zuen EH Bilduk hausnarketa eta eztabaida prozesu hori eta ehun lagunetik gorak parte hartu dute.

Bi azterketa izan dira prozesu horren abiapuntua: batetik, Gaindegik egindako azterketa sozioekonomikoa – bertan, Arabako hiru desoreka handiak jasotzen dira: demografikoa, sozioekonomikoa eta zerbitzuena- eta, bestetik, ACOA-AKEk zuzendu duen despopulazioari buruzko txostena. Aurreko astean aurkeztu zuten Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteiz eta eskualde buruak izan ezik, gainontzeko herriek etengabeko populazio galera dutela 2012tik ohartarazi dute.

“Sakoneko arazo baten aurrean gaudela uste dugu eta ez da konponduko aurrekontuetan jasotzen diren hainbat aurrekontu-sail batzen dituen inbertsio plan batekin”, kritikatu dute EH Bilduko bi ordezkariek. EH Bilduren ustez, toki garapena bultzatzetik helduko da soluzioa, beti ere herrietatik eta herriei begira egiten bada. “Toki garapena endogenoa izan behar eta arlo guztiak bildu behar ditu, ekonomiatik zerbitzu sozialetara, kultura, ingurumena…”, zehaztu dute.

Arabako zazpi eskualdeetan egindako zazpi bileretan proposamen ugari jaso dira. Baina horietako batzuk eskualde guztietan errepikatzen dira. Horien artean zeharkako politikak egitea nabarmendu dute eta, batez ere, egungo araudi zorrotzak gure herrien errealitatera egokitzea. “herri biziak nahi baditugu ezin dugu eskola bat itxi herri handietarako Hezkuntzak ezarri duen ratioa betetzen ez duelako”, aipatu dute adibide bezala. Gauza bera esan daiteke beste araudien inguruan, besteak beste, hirigintza arloan.

Landa eremuko gabezia larrien artean lau daude: etxebizitza, garraioa, lehen sektorearen egoera eta zerbitzuak. Etxebizitzaren inguruan, zaharkituta dagoen araudia aldatzea planteatzen da urbanizazio handiak egiteko pentsatuta dagoelako. Bere ordez, etxe zein beste eraikinen birgaitzea eta landa eremuan alokairuzko programak bultzatzea planteatzen dute.

Garraioari dagokionez, EH Bilduk Arabatran martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du, Miranda eta Altsasu lotuko dituen tren soziala. Era berean, Miranda eta Orduñaren arteko trenbidearen modernizazioa aipatu du lurraldeko mendebaldeari zerbitzua eskaintzeko asmoz. “Bilbo eta Orduña arteko tren zerbitzuak maiztasun onak dituen bitartean, Aiaraldeko herritarrentzako oinarrizko zerbitzua da gaur egun; Orduña eta Miranda arteko lerroa, aldiz, ia erabili gabe dago eta ez da erakargarria bertako bizilagunentzako”, azaldu dute Fdez de Pinedok eta Lz de Arroyabek.

Zalantzarik gabe, lehen sektorea da jarduerarik inportanteena landa eremua baina, esan duten bezala, egungo sistemak porrot egin du. “Agroindustriaren aurrean, estrategia agroalimentario berria bultzatu behar da, bertako produktuak, transformazio guneak, zirkuito laburrak eta trantsizio agroekologikoa bultzatuko dituena, baita lur banku publikoa ere”, zerrendatu dute.

Azkenik, tailerretan jasotako beste proposamen batzuk nabarmendu dituzte: horien artean, Araban garatu nahi dugun turismoari buruzko hausnarketa, eskualdeari ekarpenak eta egingo dizkiona. Horrekin batera, ekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia, kultura eta aisialdia eskaintza hobetzea eta zabaltzea, eta oro har, komunitatea egiten laguntzen duten ekimenak laguntzea eta landa eremuarekin lotutako baloreak lantzea.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba