Arabako Foru Aldundiak Burgoseko Aldundiarekin sinatu dituen hitzarmenak Trebiñuk egindako eskaerari iruzurra direla salatu du EH Bilduk. Horrela adierazi du gaur EH Bilduko bozeramailea Batzar Nagusietan Kike Fdez de Pinedok. Berarekin batera, Argantzungo EH Bilduko zinegotzia (Pablo Ortiz de Latierro) eta Trebiñuko Konterriko hautesle independienteen taldekideak (Maria Eugenia Galarreta eta Yolanda Urarte) egon dira. Izan ere, Trebiñuko Konterriko Udalak berak eskatu zuen hitzarmen orokor bat Arabak eskaintzen zituen zerbitzuei estaldura juridikoa emateko asmoz eta egitateen bidea aurrera egiteko helburuarekin.

Eskaera horren ondorioz, duela urte bat lehen akordio markoa sinatu zen eta, horretan oinarriturik, orain sinatu diren zazpi hitzarmen horiek heldu dira. EH Bilduk salatu duenez, herritarren eskaerei bizkar eman diete zerbitzurik garrantzitsuenak (osasungintza eta hezkuntza) kanpo gelditu direlako. Zerbitzuak eskaintzeko gertuko hitzarmena baino ez da eta Arabako beste udalerri batzuk ere sartu dira; Arabak baditu horrelako akordioak mugako beste herrialde eta erkidego autonomoekin Errioxa, Gipuzkoa edo Nafarroarekin, adibidez. Gutxi balitz, Arabak bere gain hartuko du kostua. “Laburbilduz, hitzarmen hauek Trebiñu Araban integratzeko bidean sakontzeko balio behar zuten baina Arabako Foru Aldundiak apurrak negoziatu ditu eta gainera kostu handia izango dute Arabako Ogasunean”, nabarmendu du Fdez de Pinedok.

EH Bilduren ustez, auzi honetan funtsezkoa den gai bat ez du aintzakotzat hartu, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa, hain zuzen, “berriz ere albora begira gelditu delako eta Arabaren esku utzi duelako auziaren soluzioa”. Horrez gain, hitzarmenak bi urteko iraupena izan behar zuela baina sinatutako hitzarmenek lau urteko iraunaldia dutela eta beste lau urtez luzatu daitezkeela gogoratu du. “Beste zortzi urtez Trebiñu Burgosi lotuta egoteko oinarria ezarri dute” gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak.

Bestalde, 2016ko ekainean Arabako Batzar Nagusietan onartu zen mozioa Arabako Foru Aldundiak ez duela bete gogoratu du EH Bilduk. Idazki horretan, besteak beste, Udalak egindako eskaerei erantzun zezan eskatzen zen, bereziki, trantsiziozko hitzarmen orokorra eta balizko helegiteen aurrean aholkularitza juridikoa eskaintzea. “Foru Gobernuak bizkarra emateaz gain, osoko bilkurak hartutako akordioak ez ditu betetzen” azpimarratu du Fdez de Pinedok.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba