Enpleguaren kalitatea hobetzeko, suspertze ekonomikoa eta industriala bultzatzeko eta Arabako landa eremuaren despopulazioari aurre egiteko EH Bilduren proposamenak aurrekontu eztabaidarako aurkeztu ditu gaur. “Komunikabideetan irakurri dugun arabera, Arabari garesti aterako zaio PPrekin aurrekontuen akordioa. Gure ustez, neurri populistak proposatu ditu eta horrela ez dute gure lurraldeko ekonomia berpiztuko”, laburbildu du Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak Kike Fdez de Pinedok.

Manu Rezolak azaldu ditu banan bana aurrekontu sail horiek. Krisia eta langabezia pairatzen duten udalerri zein kuadrilletan ekonomia eta industria suspertzeko, EH Bilduk 400.000 euroko aurrekontua berreskuratu du. Aurreko bi urteetan horrelako bat sartu zen eta horri esker lan ildo oso interesgarriak martxan jarri dira. Horien artean, besteak beste, Aiaraldeko haztegi agroalimentarioa edo micropymesen gaitasunerako programa; Lautadako soldatze zentroa; Mendialdeko turismoari lotutako hainbat proiektu; Añanako coworking zentroa edo Arabako Errioxan mantenu industrialaren formakuntzarako gela teknikoa.

Bestalde, industrializazio plana eta krisian dauden enpresak babesteko plana nabarmendu behar da. “Eusko Jaurlaritzarekin batera, Arabako Foru Aldundiak krisian dauden enpresekin duen inplikazioa handitu nahi dugu. Gure ustez, plan horrek eduki gehiago jaso behar ditu eta, beste gauzen artean, langile ete enpresei baliabide tekniko, juridiko, ekonomiko eta politikoak eskaini behar dizkie”, azaldu du Manu Rezolak. Helburu horrekin, 655.000 euroko aurrekontu saila proposatzen da.

Despopulazioaren aurkako plan estrategikoak garrantzi berezia du. Izan ere, aurten despopulazio horren arrazoi zehatzak ezagutzeko eta Arabako Lurralde Historikoaren despopulazioari aurre egiteko azterketa oso sakona egiten ari da. Baina datorren urteari begira ez da inolako aurrekontu sail bat aurreikusi hortik aterako diren ondorioak garatzeko. EH Bilduk 100.000 euro gordetzea planteatzen du sail arteko plan estrategikoa diseina dezaten lurraldearen garapen kultural, ekonomikoa eta soziala zehazteko. “Ziur gaude azterketa horretatik ondorio estrategikoak aterako ditugula, eskualdez eskualde lan ildo berezituak planteatuko direlako, beti ere toki garapenari lotuta eta landa eremuan bizi diren herritarrekin partekatu eta eztabaidatu ondoren”, zehaztu du EH Bilduko eledunak.

Azkenik, Arabako Foru Aldundiaren langileen zein instituzioari zerbitzuak eskaintzen dizkioten langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk. Zentzu horretan, GOFEn 2,9 milioi euro plaza publikoak lortzeko planteamendua egin du EH Bilduk, indarrean dauden programa kontratuak publifikatuz. Bestalde, Gazteriaren Foru Institutuan, aisialdiko hitzarmena aplikatzeko 100.000 euroko partida bat aurkeztu du.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba

Indarkeria matxistak hil egiten du

Indarkeria matxistak hil egiten du. Beste behin egiaztatu ahal izan dugu. Bikotekideak etxeari su eman ostean zaurituta zegoen Iruñeko emakumea hil egin da. Gure elkartasunik zintzoena senitartekoei eta hurbileko pertsonei.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da. Ez gaude onartzeko prest eta ezin gara geldirik geratu. Emakumeen erailketak izebergaren punta badira ere, indarkeria matxista emakumeen eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Feminismoak irakatsi zigun pertsonala politikoa dela eta, horrenbestez, ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea. EH Bilduk bat egiten du udalak eta mugimendu feministak deitutako salaketa mobilizazioekin.