Zerga politikan aldaketak ezartzeko konpromiso argia eskatuko du: eztabaidarako agenda bat proposatu du hiru zerga handien eztabaida zabaltzeko.

Toki erakundeen finantzazio handiagoa eta iraunkorra izateari lotuko dio EH Bilduk hurrengo urteko aurrekontuen onarpena. Horrela onartu zuen atzo Arabako Batzarrak Gasteizen egindako azken bilkuran. “Toki erakunde guztiek, salbuespenik gabe, finantzazio handiagoa behar dutela eta uste dugu eta finantzazio hori ezin da izan urte bakar baterako eta instituzio zehatz baterako”, zehaztu du EH Bilduko bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan, Kike Fdez. De Pinedok. Zentzu horretan, EH Bilduk datorren urteari begira toki erakundeen finantzazioa aldatzeko egutegi zehatza adostea planteatu du. Aldaketa horrek bi zutabe nagusi izan ditu: alde batetik, aurrekontuetako %53,5a gordetzea eta, bestetik, euskara, berdintasuna, partehartzea eta ingurumenari lotuta dauden zerbitzuak sortu, sendotu eta egonkortzea kuadrilletako finantzazioaren bidez.

Toki erakundeen finantzazioarekin batera, zerga politikan sakoneko aldaketak egiteko konpromiso argia eskatuko du: eztabaidarako agenda bat proposatu du hiru zerga handien eztabaida zabaltzeko: sozietate zerga, ondasun zerga eta errentaren gaineko zerga. EH Bilduren ustez, eztabaida zabala izan behar da eta besteak beste, Ondasun Zergan ezkutu fiskalari buruz hitz egin behar da eta Sozietate Zergan hobarien aukerak murriztu.

Enplegua, zerbitzu sozialak eta ingurumena izango dira negoziaziorako beste hiru arloak. Oro har, EH Bilduko ezkerreko fronteari egin zion minimoen akordioan jasotzen ziren lehentasunak planteatuko dizkio Foru Gobernuari. Eskaintza horrek ez du etekinik eman. “Ezkerreko indarrak batera aurrekontuak baldintzatzeko aukera gehiago genituen baina eskutik joatea ez da posible izan. Hala ere, bide horretatik lanean jarraituko dugu Araba sozialagoa, ezkertiarragoa eta progresistagoa lortzeko biderik eraginkorrena dela uste dugulako”, gehitu du.

Azkenik, eta arloz arlo Foru Gobernuaren agerraldi guztiak izan ostean, EH Bilduk aurkeztutako proiektuan hainbat hutsune antzeman ditu. Horien artean, Kuadrilletako Berdintasun Teknikarien Sarea, kuadrilletarako sustapen ekonomiko eta industrialerako plana, Nekazaritza eta Ingurumeneko arloan hainbat egitasmo eta 1. Kapituluan, hau da, langileen kapituluan, anbizio falta nabarmena.

¿Quieres recibir el boletín de Araba?

Aquí puedes ver los anteriores boletines.

@ehbilduaraba