Mikel Otero Kongresurako Arabako hautagaiak gogora ekarri ditu hauteskunde kanpaina honetan kudeaketa eta jarrera irregularrekin zerikusia duten hainbat auzi. Hala, Fernandez Diazen grabazioa eta De Miguel auziaren epaiketa hasiera aipatu ditu. “Aste hauetan guztietan herritarrekin izan ditudan elkarrizketetatik ondorioztatu dut jendea nazkatuta dagoela, engainatuta sentitzen dira, ikusten baitute hamarkadetan eraikitakoa lapurtzen ari zaizkiela”.

“Araban eta Euskal Herrian badago politikan sartzen dena guztia libre duenaren uste horrekin, eta horren arabera jokatzen duena. Inpuneak iango direla uste dute, eta parean harrapatzen duten guztia hartzen dute. Maroto eta Alonso buru diren San Antonioko lonjen kasua daukagu hiri honetan bertan. Baina ez da PPra mugatzen den zerbait. Eta herri honetan ondo baino hobeto dakigu hori. Gero eta nabarmenago geratzen ari da”, nabarmendu du Oterok, Gasteizen egindako ekitaldi politikoan.

De Miguel auziaren “neurri eta eragin handia” nabarmendu ditu, “nahiz eta etengabe esaten diguten tartean dauden pertsonak jada ez direla alderdiko kideak edo Gürtel, PP edo taladrinarena ateratzen dute, arreta desbideratu nahian. Beste aldera begiratuko dute beraiek, baina jakin badakite herritarren begiradak euren gainean dituztela”

Era horretara, igandea baino lehen bi galdera egiteko eskatu die Oterok herritarrei. “Madrilgo bulego batean hartutako erabakia telefono gorriaren bitartez noiz transmitituko den zain daudenak gure ordezkariak izatea nahi dugun edo ez galdetu behar diogu gure buruari”, esan du. Gogoratu duenez, “gizarte honek bere arazo eta interes propioak ditu, bere errealitate propioa dauka. Horregatik da garrantzitsua bere ahotsa eramango duenak lehentasun bezala hartzea gure herria eta bere interesak”.

“Baina ez da hori herri honetako emakumeok eta gizonok egin beharreko galdera bakarra”, jarraitu du. “Herri honek ahots propioa behar du Madrilen, baina ez da gauza bera gure ordezkariak de Miguel kasuarekin eta antzekoekin zipriztinduta egotea edo EH Bilduko ordezkariak izatea. Ez da gauza bera”.

Arabako hautagaiak agertu duenez, “EH Bilduren interes bakarra da euskal herritarrak defendatzea, beren eskubideak aldarrikatzea eta horiek errespetatuak izateko lan egitea. Horretara goaz Madrilera eta horretarako egiten dugu lan ordezkatuak gauden leku guztietan eta kalean. Horixe da gure interesa eta helburua. Hori bakarrik. Eta horrela izaten jarraituko du”.