Aurrekoetan bezala, abenduaren 20ko hauteskundeen aurrean ere, Euskal Herria Bilduren hautagaiek bere jarduera politikoan zintzotasunez, gardentasunez eta pertsona guztien eskubideekiko errespetuz jokatzeko konpromiso etikoa sinatu dute. Herri baten demokrazia bere ordezkari politikoen jokabidearen araberakoa dela jakitun, zuzentasuna, eraginkortasuna eta zerbitzurako gogoa izan behar dira eguneroko lanaren oinarria.

Horiek dira Euskal Herria Bilduko ordezkari guztiok onartutako konpromiso etiko eta sozialen oinarrizko printzipioak, eta horiek dira ere, Madrilgo instituzioetan lan egingo duten ordezkariek bere egingo dituzten konpromisoak.

Honakoa da, beraz, EH Bilduko kide guztiok herritarrekin izenpetzen dugun kontratua, puntuz puntu betetzeko konpromiso irmoa gureganatzen dugula eta urratuko bagenitu gure karguari uko egingo geniokeela onartuta. Izan ere, karguan aritzean egindakoetatik edo ez-egiteetatik erator litezkeen efektuak eta ondorioak neurtu eta gure gain hartzen ditugu.

1 EH Bilduren izenean egiten dugun jarduera politikoa eta instituzionala publikoa eta gardena izango da, herritarrekiko eta pertsona guztien eskubideekiko leiala.

2 EH Bilduko karguok euskal gizartearen zerbitzura gaude. Demokrazia parte-hartzailean sinesten dugu, hau da, herritarrenganako harreman zuzen eta etengabean. Gure konpromisoa gizarte zibila indartzea da eta horretarako bide guztiak jorratuko ditugu gizarte mugimendu eta eragileek modu erreal eta eraginkor batean parte har dezaten erabakiak diseinatu eta hartzeko orduan, betiere haien autonomia errespetatuz.

3 Diru publikoaren kudeaketan ezinbestekoak dira beti herstura zein eraginkortasuna; balore horiek bateraezinak dira kargu politikoen soldatetan eta egunsarietan neurririk gabe gastatzearekin. Horregatik, ordezkari politikoen soldatak azpitik berrikustearen alde egingo dugu dagokion instituzioetan.

4 Gure jarduera, EH Bilduko kargu publiko bezala, gardena izango da erabat. Koalizioko ordezkari orok ondasun aitorpen publikoa egin beharko du bai kargua hartzerakoan, bai kargua utzitakoan. Horrez gain, EH Bilduko kargu publikook edozein ikerketaren aldeko bozka emango dugu, bai eta gure gaineko ikerketak edo koalizioa osatzen duten alderdien ingurukoak bozkatzen direnean ere, ikerketa horien helburua ustelkeriagatiko edo influentzia-trafikoagatiko balizko erantzukizunak garbitzea edo, oro har, etikoki gaitzesgarria den edozein jokabide argitzea denean.

5 Zintzotasunak bideratuko du beti gure jarduera baliabide publikoak kudeatzean, eta interes orokorrak lehenetsiko ditugu beti, interes pertsonalen edo partikularren gainetik. Jarduera politikoa gizarteari zerbitzu ematea da, ez etekin pertsonala edo alderdikoia bilatzea; beraz, ezin da inolaz ere onartu kargu publikoek edozein motatako pribilegiorik izatea.

6 EH Bilduko kargu publikook ez dugu parte hartuko interes ekonomikoren bat, edo beste edozein abantaila, pertsonala edo familiarra, eduki dezakegun edozein gaitan. Halaber, ez gara karguaren ondorioz eskura izan dezakegun informazioaz baliatuko gure mesederako edo besteren baten mesederako, ez zuzenean, ez eta zeharka ere, ez karguan gauden bitartean, ez eta ondoren ere. Eta ez dugu ez oparirik, ez dohaintzarik, ez gonbidapenik, ez edozein motatako abantailarik onartuko, baldin eta gure jarduera politikoa eta instituzionala burutzerakoan gure neutraltasuna baldintza badezakete.

7 Pertsona guztien eskubide guztiak (giza eskubideak, zibilak, politikoak eta sozialak) errotik eta irmotasunez babesteko konpromisoa dugu, horiek direlako, burujabetza osoa eta erabakitzeko eskubidearekin batera, demokraziaren oinarri nagusiak. Kongresura zein Senatura eraman daitezkeen eskubide urraketa guztien aurkako jarrera aktiboa izango dugu, EH Bilduren baitan hartutako erabaki burujabeen irizpideen arabera.

8 Gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun egoerak gainditzeko irtenbide puntual eta partzialak alboratzea ezinbestekoa ikusten dugu. Horregatik, emakumeen eskubideak bere osotasunean errespetatuak izan daitezen lan egingo dugu, egungo sistemaren gainditzea bilatuz eta maskulinitatearen mistika ere alboratuz.

9 Pertsonen arteko harremanetan giza duintasunarekiko errespetua oinarritzat hartuta, EH Bilduko kargu publikook lehia politikoa gure aurkari politikoen duintasun pertsonalarekiko leialtasun ariketa bezala hartzen dugu; hortaz, haien ospea urratzeko edozein jokabide eta haien bizitza pribatuan sartzea baztertzen dugu, bai eta giza duintasunaren aurkako beste edozein ekintza ere.

10 Ezberdinen arteko elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa EH Bilduren DNAn bertan daude. Horixe izango da gure lan eredua (elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa), eta beti euskal gizartearen interes orokorraren alde.