Ozen entzun da Nafarroaren erabakitze eskubidearen aldeko aldarria Iruñeako Labrit Pilotalekuan EH Bilduk egin duen ekitaldi politiko handian. Ehunka pertsonen aurrean eta txalo artean hartu du hitza Sabino Cuadrak, egungo diputatu eta EH Bilduko hautagaiak “erabakitze eskubidea nahi dugu, geure orainaz eta geure etorkizunaz erabakitzeko; gure estatus politikoaz erabakitzeko noski bainan baita gure egunerokoaz ere erabakitzeko!” aldarrikatu du Sabino Cuadrak.



EH Bilduko diputatuak Espainiako Gobernuak atzera bota dituen 15 lege nafarrak gogoratu ditu Labriten, “Lege horietan, gainera, ez zen eskatzen Monarkia edo Armadaren deseustatzea, baizik eta bere egunerokoan eta modu zuzenean gure herriari kezkatzen zaizkion zenbait arazo: botiken kopagoa, fracking-a, desjabetxeak, etorkinentzako osasun laguntzak”. Horrexegatik hain zuzen aldarrikatzen du EH Bilduk herrien erabakitze eskubidea, hemen bertan, guztion artean ta inolako presiorik gabe erabaki ahal izateko “Errejimen honetatik ezin dugu deus espero. Bere joku tranpatian kartak markatuta daude eta arbitroak erosita. Frankismoaren seme-alabak diren instituzio ustel eta Atapuerkako hauek beti Troika eta IBEX-35ren aitzinean morroi dabiltza, baina langile, emakume, gazte eta etorkinentzat beti harroputz. Beraz, PIKUTARA BARAJA HAU! KARTA BERRIAK BEHAR DITUGU!”

Labriteko ekitaldian, Sabino Cuadraren hitzartzeaz gain, azken urteotan eskubideen urraketa pairatu duten sektore eta giza taldeen ahotsak entzun dira ozen. LOMCE, Mozal Legea, Lan erreforma, abortoaren jazarpena edota osasungintzako murrizketak salatu dira Labriteko harmailetan ziren ehunka pertsonen aurrean.

Trikidantz taldearen musikak eta publiko artetik mikroa eskutan entzun diren adierazpenek eman diote kolorea ekitaldiari, tartean, ikaragarrizko txalo zaparrada jaso duen Joseba Asiron Iruñeako alkateak eta Patxi Zamora, senaturako hautagaiak entzun ahal izan dira.

Ondoengo bideoan Sabino Cuadraren hitzartze osoa duzue ikusgai: