Onintza Enbeitak, Irantzu Varelak eta Jule Goikoetxeak hitzaldia eskaini dute gaur goizean EHUren Leioako campusean.

Onintza Enbeita Kongresurako Bizkaiko hautagaiak adierazi du “duela hilabete batzuk arte proceso constituyenteaz ari zirenak erreforma konstituzionalaz ari direla orain. Ez dirudi beraz, inor benetako aldaketarik egiteko prest dagoenik”. Horregatik, “EH Bilduk haustura demokratikoa mahai gainean jarriko du. Beste inork egingo ez duelako”, esan du.

Enbeitak ezkerreko ideologia “ozen aldarrikatzearen beharra” nabarmendu du Leioan eskainitako hitzaldian. “Modan dago esatea ni ez naizela ez ezkertiar ez eskuindar. Ba arazo bat dute. Guk argi dugu zer garen”, esan du.

Espainia estatutik alde egin beharra

Irantzu Varela, Senaturako Bizkaiko hautagaiak, gogor hitz egin du espainiako proiektuaren aurka. “Nola pentsa dezakegu proiektu horrek herri gisa erabakitzen utz diezagukeenik pertsona gisa erabakitzen uzten ez badigu?”, galdetu du. Ildo horretan, abortoaren legea eztabaidara ekarriz, “Espainiako proiektuak emakumeentzat suposatzen duena” salatu du Varelak. “Pertsona gisa, emakume gisa, kaltegarria da erabat Espainiako proiektua”, esan du.

Varelak Euskal Herri feminista eraiki beharraz hitz egin du ere bai. “Gizon-emakumeen eskubide berdinak bermatuko dituen euskal estatua eraiki behar dugu, Espainiakoaren erabat ezberdina” esan du.

Jule Goikoetxea unibertsitateko irakasle eta militante feministak, bere aldetik, nabarmendu du “ez dela bakarrik patriarkatua eta kapitalismoaren kontra aritzea, demokrazia kapitalista eta patriarkatuaren kontra baizik”. Goikoetxeak estatugintza feministaren helburuak azaldu dizkie hitzaldira hurbildu diren dozenaka ikasleei.