Gaur arratsaldean ekitaldia egin dugu Eibarren. Josu Juaristi eta Rebeka Ubera izan dira bertan:



Josu Juaristi:

PP eta PSOEren arteko aliantza baten inguruan presidente espainiar batek aurrekoan eginiko adierazpenek hautsak harrotu dituzte Ebrotik harago. Niri harrigarria suertatzen zait PP-PSOE aliantza batek inor asaldatzea, izan ere, eskutik joan dira azken 35 urteotan: bien artean ekidin zuten frankismoarekiko haustura demokratikoa, bien artean eta merkatuek horrela aginduta aldatu zuten ordurarte ukiezina zen konstituzioa eta bien artean saiatzen diren herrien kartzela baino ez den estatu ustel horri eusten.

Porrot egin duen eredu bat zutik mantentzen saiatzen dira PP eta PSOE. Ezin dugu ezer espero eurengatik. Ezin dugu demokrazia espero haustura demokratikoa ekiditen dutenen aldetik, beraz, hautsi ditzagun gu kateak Estatuarekiko. Hori da eskatzen dizuedana: euskal demokraziari bidea irekiko dion haustura bozka bat!

Rebeka Ubera:

Dauden instituzioetan etengabe kontrakoa egiten aritu diren arren, EAJk beste Europa bat aldarrikatzen du orain, pertsonena. Bai, EAJk, bere jardun politiko- instituzionalaren helburu nagusia porlana duen alderdiak. Baina alderdi edo politikari bat ez da neurtu behar esaten duenarengatik, baizik eta egiten duenarengatik.

Eta bai, zuek zarete, EAJko agintari politiko eta instituzionalak, Europatik eta Madrildik datozen austeritate aginduak hemen indarrean jarri dituzuenak. Zuek zarete hezkuntza politiketan 164 milioi euroko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete osasun politiketan 55 milioiko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete, pertsona helburu duzuela diozuenok, enplegu politiketan 121 milioi euroko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete herritarren bizkarretara Kutxabank pribatizatu nahi duzuenak. Zuek zarete kosta ahala kosta AHTren aldeko apustu zentzugabearekin jarraitzen duzuenak, oinarrizko zerbitzu sozialetan murrizketak egiten dituzuen bitartean.

Zuek zarete, EAJko arduradun politikoak, etengabe egiten ari zareten murrizketekin, ongizate estatuaren oinarriak, hezkuntza eta osasun sistema, hondoratzen ari zaretenak. Zuek zarete, PPrekin eta PSOErekin batera, Troikaren beso politikoa euskal instituzioetan!