Gaur arratsaldean Basaurin egin dugun ekitaldian Josu Juaristi eta Maribi Ugarteburuk hitz egin dute.



Josu Juaristi:

Kanpainan denak balio du, batzurentzat. "Europa soziala" nahi dutela diote orain... baina, egitan, Lakuako Gobernutik aplikatzen dituzten politikak ez dira batere sozialak, kontrakoa justo. Patronalak markatutako eskuma-eskumako neurriak dira eta Urkulluren Exekutiboak bere horretan aplikatzen ditu. Neurri horiek, ordea, langabezia eta prekarietatea besterik ez dute sortzen. Eta gure gazteak emigratzera kondenatzen ditu, drama horren aurrean, batzuk, Ortuzarrek egin duen moduan, fribolizatzeko kapaz badira ere.

Gure eredu sozioekonomiko propioa eraikitzeko oinarriak ezartzea ezinbestekoa da, eta oinarri horiek gure erabaki propioak hartzeko ahalmenean oinarritu behar dira. Hau da, Europan Euskal Estatu bat eraiki eta irabazi behar dugu. Soilik horrela bermatu eta defendatu ahalko dugu gure ehun sozial eta ekonomikoaren etorkizuna. Soilik horrela defendatu ahalko ditugu euskal langileri eta herri sektoreen eskubideak. Eta soilik horrela defendatu ahalko dugu gure gazteriaren etorkizuna, Euskal Herrian bizi eta lan egin nahi duena.

Maribi Ugarteburu:

Kanpainia guztietan bezala, PNVk diskurtso goxoa darabil. Europa sozialaz dihardute, Euskadiko eredu soziala Europa osoa txunditzen duela eta abar. Errealitatea ordea, bestelakoa da eta PNVren eredua PPrenaren oso oso antzekoa da: ate birakariak, baliabide publikoen erabilpen alderdikoia, txapuzak, txantxulloak... Beti poltsiko berberak goxatzeko. Bizkaia da guzti horren adibidea, banka eta patronalaren poltsikoetan amaitzen duten diru publikoen xahuketarena.