1964ko apirilean Azkoitian jaioa. Kazetaritzan lizenziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan. (1989) eta Europar Integrazioan diplomatua EHUn (1996).

Jarduera profesionalari dagokionean, Kulturako erredaktorea izan zen EITBn (1986-1990), Kultura eta Nazioarteko erredaktorea Egin egunkarian (1990-1998), "Europan" hilabetekariaren editorea Egin-en (1997 – 1998), GARA egunkariko Nazioarteko sailburua (1999 – 2004), GARAko zuzendaria (2004 – 2011) eta azkenik GARAren 7K aldizkari-igandekariaren editorea da (2011-tik).

1996tik Europar Batasunari buruzko informazioan espezializatua da Juaristi (Eginen, GARAn, Gaur8n eta 7Kn eta baita, hilabetean behin, info7 irratian ere).

Bruselan eta Estrasburgen sarritan kubritu ditu Europar Batasuneko gailurrak, osoko bilkurak, jardunaldiak eta hitzaldiak (Parlamentuan, Batzordean eta Europar Kontseiluetan).

2004ko maiatzean Europar Batasunaren anpliaziorik handiena kubritu zuen GARArentzat, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Hungaria eta Eslovenia zeharkatuz.

Artikuluetan, bidaietan eta Naiz.info-n duen gaurEUROPE blogean Europako Parlamentuari buruzko lana egin du bereziki. European Citizens' Initiative edo Europako Herritar Ekimena ere hasiera-hasieratik jarraitu eta aztertu du.

1992an Txekoslovakiako banaketa kubritu zuen; urtebete geroago Bosniako gerra eta 1995ean Quebeceko bigarren erreferendum soberanista.