Aurreko azaroaren 5ean EH Bilduk 2014ko maiatzaren 25ean burutuko diren Europako Hauteskundeetan aurkezteko erabakia iragarri zuen.

Hauteskundeei begira bi dira koalizioaren oinarriak:

  • Autodeterminazio eskubidearen defentsa
  • Troikak markatzen dituen politiken aurrean eredu sozioekonomiko berri bat bultzatzea

Ildo horretatik, ezkerreko koalizio soberanistak nazio eta herri ezberdinetako alderdiekin elkarlanean, hauteskundeei begira aliantza bat osatzeko aukerak baloratzen ari da. Gaur bertan, Iruñean, Galizako A Nova alderdiaren ordezkariekin elkartu da EH Bildu bilera errondari hasiera emanez.

 

A Novako ordezkaritzan bere bozeramale nazionala den Xose Manuel Beira eta antolakuntza idazkaria den Luis Eyre izan dira, eta EH Bilduren aldetik Lorena López de Lacalle, Iñaki Irazabalbeitia eta Maite Ubiria azaldu dira bileran.

Hurrengo egunotan EH Bildu Galizako BNG, NosUP eta beste hainbat alderdiekin elkartuko da bere proposamena aurkezteko, beti ere talde bakoitzaren ibilbidea errespetatuz eta Galizan Europako hauteskundeei begira lantzen ari den prozesuan oztoporik jartzeko asmorik gabe.

Era berean, EH Bilduk Catalunya, Aragoi, Gastela, Kanariar irlak eta Asturiaseko beste hainbat alderdiekin elkartuko da Europan nazio eta sektore herritarren ahotza entzunarazteko aliantza berri bat osatzeko aukerak ikusteko.