AGENDANo Calendar Events Found or Calendar not set to Public.

Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak igandean hautestontziak EH Bilduren boto-paperez betetzera deitu du: “EH Bildurena konpromisoaren, elkartasunaren eta askatasunaren botoa da. Konplexurik barik, arrazoiekin, argumentuekin, proiektuarekin, etorkizunera begirako bidea marraztu nahi duten guztiei elkarlanerako eskua luzatzen diegu”.

Donostian egin du EH Bilduk hauteskunde kanpaina ixteko ekitaldi politikoa. Otegirekin batera izan dira hiru herrialdeetako zerrendaburuak –Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirre- eta ERCko Joan Tarda eta CUPeko David Fernandez. Otegik esan duenez, “sakonera handiko akordioak lortzeko baldintzak daude; horretarako beharrezkoak diren gehiengoak daude. Gehiengo politikoak, sozialak, sindikalak. Eta akordio horiek bultzatzeko konpromisoa berresten dugu EH Bildutik. Hemen eta orain posible da. Zein etorkizun eraikiko dugun erabakitzeko unea da; herri hau nora eraman nahi dugun erabakitzeko unea da”.

Zentzu horretan, herri akordioak lantzeko proposamena egin die EAJri eta Podemosi. “Pertsonen lan eskubideak eta eskubide sozialak errespetatuko dituen eredu produktiboa, ekonomikoa eta teknologikoa izango duen herri aurreratua eraikitzeko akordioak. Enplegu eta pentsio duinak bermatzeko akordioak; inposatzen dizkiguten murrizketei aurre egiteko akordioak; kalitatezko eta mailarik goreneko hezkuntza eta osasun sistema eta zerbitzu publikoak eraikitzeko akordioak”.

Maddalen Iriartek esan du bere herria, Euskal Herria, “hemen bizi eta lanean ari garen gizon-emakume guztiok osatzen dugu. Guztiok”. Zentzu horretan, minduta azaldu da Podemoseko bozeramaileekin egindako adierazpenengatik. “Guk ez dugu euskaldun karnetik ematen, baina kendu ere ez”. Hala, gogora ekarri ditu Fortunato Agirre, Arturo Campiom, Iñaki Perurena Joseba Asiron edota Uxue Barlos “Euskal herritarrak dira, jakina, nafarrak direlako. Gure herri partekatua delako”.

Miren Larrionek, bere aldetik, adierazi du igandean herri honek aukera izango duela azken bi legealdietan izan den “biribilgunetik ateratzeko”. Gaineratu duenez, “hori EH Bildu indartsu batek bakarrik ahalbidetu dezake. Etorkizun hori ez da etorriko, Urkullu jauna, PSE eta PPren eskutik. Ez da etorriko, Urkullu jauna, herri honen izaera bera ukatzen dutenen eskutik. Hori da Urkulluk nahi duen tripartitoa, PSE eta PPrekin. PNVko zuzendaritzak iraganari begiratzen dio, baina herri honek etorkizuna, etorkizun duina, exijitzen du”.

Amaitzeko, Jasone Agirrek esan du igandean milaka herritarrek egingo duten “kenu txikiarekin”, EH Bilduren boto-papera hautestontzietan sartzea, “beste urrats bat emango dugu, historia egiten jarraitzeko”.

Storymap

  • 1
TWITTER