AGENDANo Calendar Events Found or Calendar not set to Public.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuekin –Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte– ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk, gaur eguerdian, Durangon. Euskal Herriko egoera politiko eta soziala hizpide izan dute hiruek, baina Iriartek ez du aukera galdu Kataluniari erreferentzia egiteko. Izan ere, Diada eguna ospatzen dute gaur Katalunian. “Gaur begiak eta bihotza Katalunian ditugu, baina burua hemen daukagu, Euskal Herrian”, azpimarratu du Iriartek.

Gipuzkoako zerrendaburuak esan duenez, “Euskal Herrian ere posible da gehiengo sozial oso zabal batek bultzatutako eta gehiengo politikoak egindako akordioetan oinarritutako prozesua abian jartzea. Bai, hemen eta orain posible da gure bidea egitea, horretarako borondatea badago. Gure bide propioa. Gure herriaren berezitasunak kontuan izango dituena. Baina oztopo eta zailtasunak guztiak gaindituz, beti aurrera egingo duena”. Zentzu horretan, Euskal Herriak bere prozesua abian jartzea laguntzeko, “EH Bildutik gure konpromisoa berresten dugu herri honen aurrean. Anbiguotasunik gabe eta muturreraino neurtutako hitzik gabe”.



Gaur Durangoko oholtzan izan diren hiru zerrendaburuek politikarako jauzia egiteko aurrera egitea erabaki zuten bezala, herri honek ere aurrera egin behar duelako adierazi du Iriartek. “ELAk eta LABek, Euskal Herriko gehiengo sindikalak, duela 20 urte erabaki zuen Gernikako estatutuarenak egin zuela. Aurrera egin nahi dugu eta horretarako eman dugu pausoa aurrera hemen gauden hiru kideok. Aurrera egin nahi dugu, Berri Txarrakek abesten duen moduan, aurrera ez bagoaz, atzera goazelako: hezkuntzan ikusten ari garen bezala. Aurrera beraz ongizatean, ingurumenaren zaintzan, euskararen garapenean”.

Gaineratu duenez, herri honek aurrera egin ahal izateko orain arteko dinamikak gainditu beharra dago. “EAJ-PSE ituna iraganeko frentea da. Zahar usaina du. Emaitza ezberdinak lortu nahi baditugu, dagoena mantentzera ez mugatu, aurrera egiteko, oreka berriak behar ditugu. Aukerak egongo dira eta oreka horietarako guk indartsuak izan behar dugu”.

Miren Larrion Arabako zerrendaburuak, bere aldetik, bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko unea iritsi dela azpimarratu du: “Iritsi da unea. Hemen eta orain lortuko dugu herri duina eraikitzeko baldintza sortzea, horretarako beharrezkoak diren herri akordioak bultzatuz”. Horretarako deia egin die EAJri eta Podemosi. “Akordio zabalak kalitatezko 40.000 lanpostu sortzeko, gazteen eta emakumeen prekarietatearekin amaitzeko, Gasteizen adostu eta Madrilek errekurrituta daukan Etxebizitza Legearen edukiak indarrean jartzeko, gure pentsiodunek eguneroko janaria eta botikak erosi ahal izateko... Hemen eta orain, posible da”.



Bestalde, Larrionek eskatu du hauteskunde kanpainetan herritarren aurrean agintzen direnak betetzea, hori ez delako horrela izaten. “Amaitu behar dugu hauteskunde kanpainan iragartzen diren baina gero egiten ez diren politikekin. Guk hitzak ez, egitateak bermatzen ditugu. EH Bilduk egiten du esaten duena; esaten du egiten duena”.

Eguneroko arazoei konponbidea emateko konpromisoa hartu du, bestalde, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak. “Prekarietateari adibidez. Lana badago. Baina soldata eskasekin eta kontratu eskasagoekin. 1000 euro hilean 12 pagatan? Noizko soldata da hori? Ezegonkortasuna da azkenengo urteetan egindako kontratuen berezitasuna. Emakumeen soldata %25 baxuagoa da”. Egoera ez dela onargarria agertu du: “Ezin da, inondik inora, lorpen gisara aurkeztu, Jaurlaritzak egiten duen bezala”.



Zentzu horretan, lan harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatu du. “Badakizue non erabakitzen den gure jendeak zenbat kobratu behar duen? Badakizue kontratuak nolakoak izan behar diren non erabakitzen den? Madrilen. PNV, Merkel, CCOO, UGT eta beste batzuen erabakiz hala da. Guk hemen erabakitzea nahi dugu. Hori bakarrik. Guk zenbat kobratu behar dugu geuk erabakitzea”.

Storymap

  • 1
TWITTER