AGENDANo Calendar Events Found or Calendar not set to Public.

720 neurri, 27 lege proposamen, 26 plan estrategiko, 19 kontseilu eta batzorde herritar berri, 8 behatoki berri, 5 herri galdeketa proposamena, 3 agentzia berrien sorrera eta 7 erakundeen arteko elkarlanerako gune berri.

Gaur goizean, EH Bilduk bere Gobernu Programa aurkeztu du Gernikako arbolaren aurrean, gure burujabetzaren sinbolo nagusietariko baten aurrean, argi dugulako herri honen etorkizuna bermatzeko proposamenak eta akordioak herritarren borondatearen eta erabakien zutabeen gainean eraiki behar direla.
Aurkezpenean Arnaldo Otegirekin batera, Jasone Agirre, Miren Larrion eta Maddalen Iriarte izan dira. Enplegua, kultura, hezkuntza, zerga politika, pentsioak, gazteak, emakumeak, bakea, erabakitzeko eskubidea,... 720 neurri, 27 lege proposamen, 26 plan estrategiko, 19 kontseilu eta batzorde herritar berri, 8 behatoki berri, 5 herri galdeketa proposamena, 3 agentzia berrien sorrera eta 7 erakundeen arteko elkarlanerako gune berri. Hauek dira Gobernu programaren edukien zenbakiak.

“Ez dago herri proiekturik jenderik gabe; ez dago etorkizunik ez bada jendearekin kontatzen, ez bada eraikitzen jendearen borondatearen, nahiaren eta lehentasunen gainean. Hori izan behar da iparra. Eta horren gainean eraiki beharko dira ere Euskal Herriaren etorkizuna eta askatasuna bermatzeko akordioak” esan du Jasone Agirrek.

Bizkaiko zerrendaburuak kultura, hezkuntza eta hizkuntza alorretako proposamenetaz aritu da, eremu horien garrantzia behin eta berriro azpimarratuz. LOMCE eta Heziberri dekretuaren aurka azaldu da Agirre, Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatuz eta Hezkuntza Akordio bat sustatzeko borondatea adieraziz.

Agirreren ondoren Miren larrionek hartu du hitza, atal sozioekonomikoan aurkezten diren proposamen nagusiak azaltzeko. “Herri duina eta justua eraiki nahi dugu -hasi da arabarra- herri aurreratua, zeinen eredu produktibo, ekonomikoa eta teknologikoa bere gizon eta emakumeen eskubide sozial eta laboralak babestuko dituen. Helburu bat izateaz gain, gaur hartzen dugun konpromisoa da” baieztatu du zerrendaburuak.

“Herri baten duintasuna bere herritarren duintasunean oinarritzen da. Beraz, lehentasuna izan behar da duintasun hori bermatzea” jarraitu du Larrionek, EH Bilduren zutabe nagusiak aipatuz: enplegua, pentsioak, zerbitzu publikoak, etxebizitza eta erreskate soziala izan behar dira gure gizon eta emakumeen bizimodua eta duintasuna bermatzeko bost zutabe nagusiak. Eta politika publikoetan EH Bilduren lehen eginkizuna izango dira.

Norabide horretan Lan harreman eta babes sozialerako euskal esparrua, Gizarte Segurantza Sistema eta Pentsioen Sistema propioak artikulatu behar dira.
Proposamen zehatzetara pasatuz, Miren Larrionek hauek plantetau ditu: “1080 eurotako gutxieneko pentsioak aldarrikatzeaz gain, etxebizitza legea garatzeaz gain Etxegabetzeen Kontrako Legea sortzea dugu helburu eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren sarbiderako baldintza eta kopuruak aldatu behar dira. Denok lan duina izan dezagun 35 ordutako lanaldia eta 1200 eurotako gutxieneko soldata ezartzera goaz, eremu publikoan, progresiboki, 40.000 lanpostu berri sortzearekin batera.”

Baina herri duina izateaz gain, herri justua ere nahi du EH Bilduk. Eta justiziak lotura zuzena dauka banaketarekin, bizitza kalitatea garatzeko eta bermatzeko aukera berdintasunarekin, pertsona ororen eskubideen errespetuarekin.

Justizia soziala erreala izateko fiskalitatea, finantza politika eta aurrekontuen lanketa lehen mailako bitartekoak dira. Horrela, iruzur fiskalari aurre egiteko Euskal Behatokia sortzearekin batera, erreforma fiskal parekide eta mailakatua ezartzeko Erakunde-arteko akordio bat sustatu nahi dugu, besteak beste aberastasunaren eta fortuna handien gainezko zerga ezartzeko.

Era berean aurrekontuak eta finantza politika funtsezko tresnak bihurtu behar dira eta herri honen beharren zerbitzura jarri. Norabide horretan Larrionek azpimarratu du “Euskal Finantza Sistema Publikoa eta Burujabetza ekonomikorako lehendakaritza ordea” sortu nahi dutela, eta hezkuntza, osasuna, politika sozialak eta enplegurako diru-partidak igotzea planteatzen dutela. Horrekin batera funts publikoaren %0,7a lankidetza eta garapenera zuzentzea proposatzen du EH Bilduk.

Zerrendaburuen txanda ixteko, Maddalen Iriartek gobernantza ereduari ekin dio politika jendearen zerbitzura egon behar dela aldarrikatuz, eta “politikan jarduten garenak jendearen aginduetara jarri behar gara. Horregatik, gaurkoan EH Bildutik neurri zehatzak proposatu nahi ditugu gobernantza eredua hobetzeko eta gardentasuna bermatzeko” azaldu du Iriartek, hurrengo neurri hauek proposatuz:

  • Gobernu eta legebiltzarrean kontrol sozialerako osoko bilkurak jarri
  • Herritarrek kargu publikoak kargugabetzeko Legea sortu

Horrekin batera, eta herritarren parte hartzea ahalbideratzeari begira hiru proposamen zehatzak plazaratu ditu Gipuzkoako zerrendaburuak:

  • Kontsulten legea sortu
  • Parte hartze politikak izaera estrategikoz Lehendakaritzan kokatu
  • Galdeketak egiteko eskumena tokiko erakunde eta herritarrei eman, izaera lotesleaz.

“Oinarrizko printzipioak eta elementuak izan beharko lirateke demokrazian baina, zoritxarrez, egunero ikusten ari gara kontrakoa. Gutxi batzuk politikaz aprobetxatzen direla interes pribatuak asetzeko” salatu du kazetariak, demokrazian “jendearekin eta jendearentzat gobernatu behar da. Bide zilegi bakarra da” gehitu du.

Amaitzeko, eredu zaharrak alboratzeko unea dela azpimarratu du, ohitura txarrekin amaitzeko garaia da, praktika ilunen aurrean neurri eraginkorrak ezartzeko beharra dago. Borondate kontua da, eta gizarteak eskatzen du.

“Politikak haize berriak behar ditu, instituzioetan ateak zabaldu, leihoak ireki eta argia piztu behar dugu. Instituzioak jendearenak dira, ez alderdienak. Demokrazia, politika, agintea, ezin da lau hormetan itxi. Erabakietan parte hartzeko bitartekoak, bideak eskaini behar dizkiogu gizarteari” amaitu du Maddalen Iriartek. “Hori da gure helburua, horretan kokatzen dugu erronka, eta horretan datza gizartearekiko publikoki, Gernikatik, hartzen dugun konpromisoa.”
Bukatzeko, beste gauza batzuren artean, Arnaldo Otegik burujabetzararen bidean urratsak egiteko lau puntuko proposamen zehatza jarri du mahai gainean.

"Burujabetzarik gabe -esan du Otegik- herri hau menpekotasunera kondenatuta dago". Horregatik, Gernikatik, etorkizuna eraikitzeko, lau ardatzetan oinarritzen den proposamena luzatzen dugu:

  • Gehiengo politiko, sozial eta sindikalak babestuko duen herritarren subiranotasun osoa helburu duen bide-orria adostu eta ezarri, akordio sozial eta politiko zabalez.
  • Erabakitzeko eskubidea aitortuko eta praktikara eramateko bermeak eskainiko dituen estatus politiko berri baterako proposamena.
  • Estatus politiko berria berresteko herritar kontsulta abilitatzailea
  • Estatu espainolak izan dezakeen jarreraz gaindi, galdeketa abilitatzailez euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea estatus politiko berriaz, errespetatu eta garatzeko konpromisoa.

Storymap

  • 1
TWITTER