AGENDANo Calendar Events Found or Calendar not set to Public.

Ehunka lagun bildu gara gaur arratsaldean Bilboko Areatzan egin dugun kanpaina hasiera ekitaldian. Plaza leporaino beteta eta oholtzan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako EH Bilduko hainbat hautagai datozen hamabost egunak eta etorriko den legegintzaldia gogotsu hasteko prest. Jasone Agirre, Miren Larrion, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi hartu dute hitza, hurrenez hurren.



Gertuko tonu atseginaz aritu da Bizkaiko zerrendaburu Agirre bizitzako bere lehenengo mitingean. Azpimarratu du EH Bildukoak hegemoniari traba egiten diogun herritarrak garela. “Gazteak nola ez zarete izango jende molestoa, %35eko langabezia pairatzen baduzue?”, galdegin du. Gogora ekarri ditu, baita ere, emakumeak, munduan dagokien lekua izateko eskubidea aldarrikatzen dutelako. Traba egiten dutenen talde berean sartu ditu sindikalistak ere, gutxieneko soldata 800 eurora ere ez iristea onartzen ez dutelako. Eta, baita ere ekologistak eta pentsiodunak, azken horiek bizitza osoa lanean pasa ostean pentsio duin bat izatea aldarrikatzen dutelako. Baina, horietatik guztietatik enbarazu gehien egiten dutenak militanteak direla azpimarratu du: “Gauzak gaizki ateratzen direnean ere irri egiten duzuelako, eta horrek emango digulako indarra”. Azaldu du hegemoniarentzat alternatibak planteatzea dela gauzarik deserosoena, eta aipatutako guztiek horixe egiten dutelako diela traba egiten duen jendea. “Gu ere alternatibak mahai gainean jartzera gatoz, eta traba egiten dugun jenda izateaz gain jende maitekorra, jakintsua, burugogorra, borrokalaria, sortzailea eta argia ere bagara!”.



Agirreren jarraian, Arabako zerrendaburu Miren Larrionek hartu du hitza. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Otegiren hautagaitza debekatu izana salatuz hasi da: “Hemen, Espainian ez bezala, duintasuna eta konpromisoa daukagu, eta nazkatuta gaude gure bizitzen inguruko erabakiak beste batzuek Madrilen hartzeaz”. “Irailaren 25ean Euskal Herrian udaberria izatea lortuko dugu”, gaineratu du, “Eta Madrilen batzuk izoztuta geratzea”. Begirada Euskal Herrian jarriz, adierazi du tematuta daudela EAE lehenengo Patxi Lopezek eta ondoren Iñigo Urkulluk eraman duten geldialditik etaratzearekin: “Alferrik galdutako zortzi urte izan dira: murriztera sozialak, geroz eta lan-prekarietate handiagoa, sumisioa Espainiaren erabakien aurrean, murriztetak osasungintzan eta hezkuntzan...”. Gainera, gogorarazi du egoera horri buelta emateko neurriak proposatu dituzten aldiro ezezkoa jaso dutela. Datorren legegintzaldia, aldiz, akordioena izango dela uste du, EH Bilduk horretarako borondate guztia azalduko baitu. Horretarako, eskua luzatu die EAJri, Podemosi eta herritarrei denontzako herri bat eraikitzeko akordioak erdiesteko. Adostasunetarako hiru ardatz proposatu ditu: burujabetza osoa, justizia soziala eta bakegintza. Eta, azaldu du ez direla hitzak bakarrik, EH Bilduk askotan azaldu duela borondatea eta konpromisoa akordioak egiteko: “EH Bildu gabe UPNk Nafarroan agintzen jarraituko zuen, eta baita ere Marotok Gasteizen”.



Maddalen Iriarte Gipuzkoako zerrendan bigarrena herri honek aurrera egiteko duen beharraz aritu da: “Itxaropenezko horizonte bat behar du aurrera egiten jarraitzeko, eta, horretarako, urratsak eman behar dira”. Azaldu du azken urteetan geldialdi bat bizi izan dugula askatasunari, herritarren bizi baldintzen hobetzeari eta euskararen biziberritzeari dagokionean, eta gaineratu du egoera horren aurrean erabaki zuela berak urratsa emateko momentua zela. Jarraitu du esanez euskal herritarren gaitasunetan sinesten duela: “Lehen mailako herritarrak gara gu guztiok, eta beste batzuen erabakiek gu bigarren mailan kokatzea”. Amaitzeko, ohartarazi du datozen 15 egunetan dena eman behar dugula hurrengo legegintzaldian gauzak aldatu ahal izateko, eta ilusiorik ez galtzeko eskatu die bertan bildutako guztiei.



Ekitaldia amaitzeko, Arnaldo Otegi zuzendu da herritarrengana. Presoen egoera gogora ekarriz hasi du solasaldia, eta azpimarratu du urgentziazkoa dela gaixo dauden euskal preso politikoak etxera ekartzea, beste guztiekin batera. Aldarrikapen horren ostean, azpimarratu du euskal herritarron arazoek jatorri argi bat dutela: “Frankismoaren jarraipena den erregimena da gure arazoen sorburua, eta eztabaidari uko egitea arazoen jatorria ezkutatzea da”. Horren harira, euskal herritarrei eragiten dieten erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla defendatu du: “Noiz arte utziko diegu gure partez erabakitzen ustel eta inkonpetente horiei? Inposaketaz, kultura ezaz eta errepresioaz soilik ulertzen du Espainiak”. Azaldu du hori dela egin nahi duten eztabaida, eta ez inhabilitazioarena.
Halere, gogorarazi du Euskal Herrian ere badaudela ardurak, ez dela etxetik kanpora soilik begiratu behar. “Emakumeak eskubide gutxirekin, prekarietatea, gazteek guk baino zailago dute etorkizun duin bat”, salatu du egungo egoerari argazkia eginez, “Hori ez da herri duin bat, hori ez da autogobernua, hori da herritarren beharrak kontuan hartzen ez dituen erregimen bat”. Galdera bat ere egin die egungo egoeraren erantzuleei: “Zergatik da gazteen langabezia tasa %35ekoa eskola porrotaren tasa espainiar estatuko bataz bestekoa baino txikiagoa bada?”.

Adierazi du Eusko Legebiltzar berriaren osaketa edozein izanda ere, akordioen legegintzaldia izango dela, gehiengo osoz egongo baita murrizketa sozialen aurkako posizioa. Aitortu du lana ez dela erraza izango, baina EH Bilduk konpromisoak herriarekin hartzen dituela, herria bera delako. “Gu ez gara etorri politikara dirua egiteko edo protagonismoa irabazteko”, ohartarazi du, “Gutako askok ezagutzen ditugun ate birakari bakarrik kartzeletakoak izan dira, eta harro gaude horretaz!”. Bere hautagaitzari dagokionean, esan du soberanisten jarrera dela hemen erabakitzen dena soilik onartzea, eta berak EH Bilduko kideek nahi dutena egingo duela. Espainiarrei, aldiz, gogorarazi die oztopo bakoitzetik indartuta atera direla beti, eta kasu honetan ere hala izango dela. “Ohore bat da espainiar faxista guztiek nire aurka egitea”, aitortu du umorez, “Kastak ez gaitu gustoko!”.

Amaitzeko, kanpaina irabazteko anbizioa izan behar dela gogorarazi du: “Sondeoek esan dutena baino emaitza hobeak aterako ditugu, eta ez naiz bilbainada bat botatzen ari!”. Azpimarratu du herri kultu bat behar dugula, lege justuak izango dituena eta gobernu duin bat, eta horretarako bide bakarra Estatu propioa sortzea dela. “Irri egingo dugu, antolatuko gara, jendea konbentzituko dugu eta irabaziko dugu!”.



Storymap

  • 1
TWITTER