AGENDANo Calendar Events Found or Calendar not set to Public.

Azken egunetan jazotako eraso sexistak gaitzetsiz hasi da gaur goizean Gipuzkoako zerrenda aurkezteko Donostian egindako agerraldia. Beste behin ere, zerrendakideek indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeko konpromiso argia agertu dute.

Arnaldo Otegi zerrendaburuak eta Maddalen Iriarte zerrendako bigarrenak aurkeztu dute Gipuzkoako zerrenda, talde benetan anitza. Agerraldian azpimarratu dutenez, aberasgarria baita jatorri, sexu, genero, jakintza, kezka, afizio eta ofizio desberdinak dituen jendeak elkarrekin lan egitea herri hobe bat eraikitzeko. Euskal Herriko jendarteari ere horrek ematen dio kolorea, aniztasunak.

“Gure helburua herri hau hobetzea da, jendarte justuago bat eraikitzea, guztiok hobeto bizi ahal izateko”, azaldu du Iriartek. Gogorarazi du egun 39.000 pertsona daudela Gipuzkoan pobrezia larriaren marran. Eta, hori gutxi balitz, EAEn 150.000 langabetu daude, gazteak kanpora joatera behartzen ari dira, eta prekarietatea geroz eta handiagoa eta sakonagoa da bizitzaren arlo askotan. “Urrats sendoak eman behar ditugu egoera horri aurre egiteko, blokeatuta dagoen egoera horretatik irten behar gara”, gaineratu du aldaketaren beharra azpimarratuz, “Politikak herritarren gehiengoaren mesedera egin behar ditugu, eta jauzi handi bat eman herri hau merezi duen lekura eramateko”.

Bide beretik, Otegik ohartarazi du batzuei interesatzen zaiela egoera bere horretan mantentzea edo oraindik eta prekarioagoa eta atzerakoiagoa bihurtzea: “Guk, ordea, etorkizunera begiratu nahi dugu, herri honek dituen arazoei aurre eginez”. Gaineratu du ez dutela Euskal Herria okerren daudenekin edo gaizki egiten ari direnekin alderatu nahi: “Euskal jendarteak nahikoa gaitasun du ipar Europako herrialdeek lortu duten maila erdiesteko”. Horretarako, besteak beste, taldeak ondorengo proposamena egin du: 60.000 kalitatezko lanpostu sortzea, iruzur fiskalaren aurka borroka egitea eta lan-prekarietateari aurre egitea.

“Konbentzituta gaude baldintzak egon badaudela herri honetan garai berriak irekitzeko”, azaldu du Otegik. Taldeak uste du hurrengo legealdian posible dela akordioak egitea alor nazionalean, sozialean eta bakegintzan, eta borondate kontua dela dena: “Sloganek ez dute balio jendearen arazoen aurrean, jendeak proposamen eta neurri zehatzak nahi ditu”. Horregatik, EH Bilduk akordio handiak egiteko proposamena luzatu die beste behin EAJri, Podemosi eta eragile sozialei. “Eskua luzatuta dugu herri honek benetan dituen beharren inguruko eztabaida egin eta akordio handiak egiteko”.

Storymap

  • 1
TWITTER