JUSTIZIA SOZIALA lortu nahi du Euskal Herria Bilduk Euskal Herriko gizon-emakume guztiontzat. Helburu hori lortzeko orain arte garatu diren zenbait politika errotik aldatu beharra dago egun bizi dugun egoera larriaren beharretara egokitzeko. Hau da, beste eredu ekonomiko eta soziala behar dugu.

Horregatik, hemen bizi garen gizon-emakume guztiontzako aukera berdintasuna bermatu ahal izateko JUSTIZIA SOZIALA deitutako Saila jarriko dugu abian. Bertan ENPLEGUA, ETXEBIZITZA eta GIZARTE GAIAK jasoko dira.

Behin eta berriz esaten ari garen bezala ekonomia pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez merkatuen zerbitzura.

Helburu hori lortzeko bidean, ENPLEGUA izango da Euskal Herria Bilduren lehentasuna, kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea. Hori lortzeko ezinbestekoa da lan-harremanetarako euskal esparrua eta gizarte babeserako sistema propioa gure esku izatea, bestela Madrilen erabakien menpe jarraituko dugu zulotik ezin irtenda. Egoera horretara heltzeko pauso eraginkorrak emango ditugu.

Lan astea gutxitzeko ahalegin sendoa egingo dugu –lana banatu eta lana familia eta aisialdiarekin uztartu ahal izateko-, eta gutxieneko soldata pobrezia mailatik gora igotzea bultzatuko dugu. Eta lana banatzeko bitartekoak jarriko ditugula esaten dugunean, lan guztia esan nahi dugu, ordaintzen dena eta ordaintzen ez dena ere.

Horretarako, politika publikoak definitu eta ebaluatzeko orduan gizarte eragileek eta sindikatuek partehartze erreala izatea bermatuko dugu.

GIZARTE ZERBITZUAK publikoak eta kalitatezkoak izan behar direla uste du Euskal Herria Bilduk. Kopagoa zerbitzu beragatik bi aldiz ordaintzea denez, ordainketa hori kentzeko pauso errealak emango ditugu.

Bestetik, pobreziari aurre egiteko neurrietan eskubide galera handia eman da azken urteotan, noiz eta gizartean beharrik handiena dagoenean. Eskubide horiek berreskuratzeko egin beharreko lege aldaketa guztiak bultzatuko ditu Euskal Herria Bilduk.

ETXEBIZITZAri dagokionez etxebizitzarako eskubidea eskubide unibertsal gisa jasota egotea nahi dugu. Horretarako Etxebizitza legea bultzatuko dugu, alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzeari lehentasuna emanez.

Bestetik, gaur egun familia askorentzat amesgaizto bihurtu den arazoari ere irtenbide erreala emateko lan egingo dugu. Etxekanporatzeak egunerokoa bihurtu dira gurean eta egunero badago hipoteka ezin ordainduta etxetik kalera botatzen ari diren pertsonak. Hori ekiditeko Euskal Herria Bilduk proposatzen du bankuek dituzten etxeak erakunde publikoen eskuetara pasatzea, eta bakoitza bere etxean mantenduz, alokairu sozialaren bitartez kudeatzea egoera hori.

Egun, emakumeek egiten duten lana aitortzen ez delako, edota jada gurean milaka eta milaka langabetu daudelako unitate familiar ugari lan-ordainik gabe daude jada. Bitartean, Dependentzia legean zein laguntza sozialetan murrizketak ezartzen ari dira bai Madriletik baita Jaurlaritzatik ere. Ondorioz, gure lehen proposamena unitate familiar guztiak diru laguntza bat izateko duten eskubidea aldarrikatzera gatoz, eta Jaurlaritzan egongo bagina inongo murrizketarik gabe hori bermatzeko konpromisoa hartzen dugu. Horretarako egin beharreko lege aldaketak bultzatuko ditugu.

Hemen bizi garen gizon-emakume guztiontzat aukera berdintasuna bermatu behar dugu. Helburu hori lortzeko JUSTIZIA SOZIALA deitutako Saila jarriko dugu abian, bere baitan enplegua, etxebizitza eta gizarte gaiak jasoko dituena.

Euskal Herria Bilduren lehentasuna ENPLEGUA izango da, kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea. Egun bizi dugun egoeran garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Herria Bilduren ereduak ekonomia pertsonen zerbitzura jarriko duela, eta ez merkatuen zerbitzura. Horregatik lana, familia eta aisialdia uztartzeko lan egingo dugu, baita soldata altuenen eta baxuenen arteko tartea murrizten joateko, teknologien hobekuntza jorratzeko, laneko osasuna zaintzeko, eta etengabeko heziketari bultzada emateko.

Helburu horiek lortzeko behar ditugun baliabide eta tresna guztiak gure esku behar ditugu, horregatik lan-harremanetarako euskal esparrua eta gizarte babeserako sistema propioa eskuratu behar ditugu.

GIZARTE ZERBITZUak publikoak eta kalitatezkoak izan behar direla uste du Euskal Herria Bilduk. Sektore publikoa izan behar da zerbitzu emailerik garrantzitsuena, eta horretarako, kalitatezko gizarte zerbitzuen sare publikoa osatuko dugu, pobreziari eta gizarte bazterkeriari aurre egiteko, behar bereziak dituztenen erantzunei erantzuteko eta, oro har, herritar guztiek behar duten zerbitzua bermatzeko.

Gizarte zerbitzuek gizartearen ongizatea dute helburu eta herritar guztiengana heltzeko ahalegin berezia egingo dugu. Hori bermatzeko modurik eraginkorrena administrazio publikoak berak bere langile propioen bitartez zuzenean kudeatutako zerbitzuak dira.

ETXEBIZITZAri dagokionez gure lehentasuna alokairu sozialeko etxebizitzak sustatzea izango da, guztiok dugun etxebizitzarako eskubidea bermatu ahal izateko. Etxebizitzarena oinarrizko gizarte eskubidea da eta horren alde tinko lan egingo dugu, batez ere krisi garai honetan. Horrela, modu bidegabean gertatzen ari diren etxe kanporaketen aurrean erantzuna emango dugu erakundeetatik.

Duela 38 urte Soraluzen (Gipuzkoa) jaioa, Gasteiz eta Soraluze ditu egun bizileku.

Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua da Santiago (Deustuko Unibertsitatea).

1997 eta 2001 artean Eusko Legebiltzarrean Eusko Alkartasunaren taldearen aholkularia. 2001 eta 2005 urteen artean Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean Kabinete Zuzendaria. 2005 eta 2009 urteen artean Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailean Gizarteratze Zuzendaria.

2009tik Gasteizko Arana Zaharren Egoitzako zuzendaria da.

2007 eta 2011 urteen artean Eusko Alkartasuna-ko zinegotzia da Soraluzeko Udalean. Egun, Bildu-ko zinegotzia da Soraluzeko Udalean.