EHBILDUk apustu sendoa egiten du ingurumenarekiko errespetua ardatz hartuko duen eredu sozio-ekonomiko alternatiboaren alde.

Pertsonen ongizateak beraien bizi kalitatearen eta ingurumenaren babesaren arteko oreka behar du. Pertsonen ongizatea ezin da oinarritu politika desarrollista eta predatzaileetan.

Ingurumenaren babesa ez dugu luxu modura ulertzen, baizik eta jendartearen premia modura. Areago, ingurumenaren babesa, pertsona guztientzako benetako aurrerabidea lortzeko natura-kapitalean eginiko inbertsioa da.

Ezin dugu jarraitu etorkizuneko belaunaldien aurrerabide aukerak hipotekatzen. Gero eta zor ekologiko handiagoa daukagun herrien aurrerabiderako aukerak ere, era berean, ezin ditugu hipotekatu.

Gaur egungo krisi bikoitzaren baitan, krisi ekonomiko eta ingurumen krisiaren baitan, eredu sozio-ekonomiko ekologiko berriranzko trantsizioa egiteko oinarriak ezarri behar ditugu.

Horretarako, EHBILDUk ekinbide estrategikorako lau arlo-ardatz planteatzen ditu:
Jendartearen kontsumo ereduaren erroko aldaketa, kontsumo arduratsu eta jasangarriaren kultura lortzeko.

Energia ereduaren erroko eraldaketa, energia aurrezpena sustatuz, ingurumenarekiko jasangarriak diren energia berriztagarrien ekoizpena bultzatuz, eta modu tinkoan progresiboki erregai fosilekiko dependentzia murriztuz.
Mugikortasun eta hirigintza ereduaren planifikazio berria, pertsonen benetako premietan eta beraien inguruarekiko orekan oinarritua.

Ingurumen politiken kudeaketarako kultura zeharkako eta parte-hartzaile berria, lurraldearen ordenamendua lagunduko duena, gure natura-kapitalaren babesa lehenetsiko duena eta jada artifizializatua dugun lurraldea optimizatuko duena.

Konponbide garaia delako, marketinaz eta ekonomia berdea deritzonaren partxeoaz haratago goaz, ekonomia berde horrena eredu kapitalista predatzailea, ingurumenarekiko jasangaitza eta injustua berpizteko saiakera baino ez delako. EHBilduk ekonomia ekologikoaren aldeko apustua dakar, pertsona guztien eta etorkizuneko belaunaldien benetako aurrerabidea lortzeko.