Izaite bat ez daike hezur hutsez osa,
HERRIA DA GORPUTZA, HIZKUNTZA BIHOTZA

Bi estatu handien hegemoniapean, euskarak menpeko estatus juridikoa du. Frantziako Estatuak ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak aitortzen, eta Espainiakoak, eskubide batzuk aitortu arren, espainieraren nagusitasuna ezartzen du. Denok gaude behartuta espainiera edo frantsesa jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. Gainera, euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan.

Euskararen gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dute, baina osasunetik urrun gaude, eta azken hiru hamarkadetan garatutako hizkuntza politikekin euskara ez da normalizatuko.

Hizkuntza politika berria, lehentasunezkoa eta burujabea behar dugu, eta euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izan dadin.

Hizkuntza politika berria, lehentasunezkoa eta burujabea gauzatzeko neurriak

GAI IZARRA

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortzeko, honako hauek izango dira hizkuntza politika berriaren oinarriak:

1. Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea bideratzea. Gaur egun dauden oztopoak eta debekuak gainditzeko eta politika eragingarria abian jartzeko.
2. Euskarari estatus juridiko egokia ematea. Euskarak ofizialtasun nahikoa eta egokia izan dezan Euskal Herri osoan. Hau da, euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa.

ESTRATEGIAK:

1. Euskal hiztunon komunitatea normalizatzeko adostasun soziala eta politikoa lortzea, betiere, aipatutako oinarriak kontuan hartuz: euskara berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izango da.
2. Euskara Normalizaziorako Plan Estrategiko berria diseinatzea eta egikaritzea gainerako erakunde publiko eta euskararen gizarte erakundeekin elkarlanean.
3. Euskararen legedi eta arkitektura juridiko berria garatzea euskararen berezkotasuna, ofizialtasuna, lehentasunezko izaera, ezagutzaren unibertsaltasuna eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

NEURRIAK:

1. Hiztun berriak lortzea eta euskara unibertsalizatzea:
1.1. Euskara jakitea bermatu behar du hezkuntza sistemak; horretarako, oraingo ereduen sistema gainditu eta murgiltze-eredu bakarra abiarazi.
1.2. Helduen euskalduntze alfabetatze sektorearen finantziazio iraunkorra bermatu eta euskara ikasteko doakotasuna eta sektoreko agente guztien arteko osagarritasuna sendotu.

2. Hiztunei euskara erabiltzeko aukerak ematea:
2.1. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu, eta euskara lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtu administrazio osoan.
2.2. Euskararen arnasguneak -udalerriak eta espazio sozial euskaldunak- bultzatu eta indartu.
2.3. Euskarazko komunikazio esparruaren iraunkortasuna sustatu eta eraldaketan lagundu.
2.4. Lan mundua, merkataritza eta berrikuntza-sistema euskaldundu.

3. Herritarren motibazioa indartzea:
Euskaldun izateko kontzientzia, euskaraz bizitzeko nahia eta herri-gogoa elikatu.

Eta bukatzeko...

EHBilduren konpromisoak: euskaraz lan eta bizi, eta horretara goaz

- EHBilduren legebiltzarkide guztiak euskaldunak izango dira.
- EHBilduk gobernurik osatuz gero, kontseilari guztiak euskaldunak izango dira.
- EHBilduren legebiltzarkide eta kargu publikoen lehentasunezko hizkuntza euskara izango da, eta agerpen publiko zein komunikazioetarako kuota-sistema ezarriko da.
- Agerpen publikoak eta komunikazioak eskualdeei begirakoak direnean, eskualdeko euskaldunen kopuruaren araberako bereizketak egingo dira.
- EHBilduren lan-hizkuntza euskara izango da.