Globalizazio uniformatzailearen garaian, hizkuntz galeraren zikloak gero eta laburragoak dira. Euskara bezalako hizkuntza minorizatuentzat, aurrera ez egitea atzera egitea da.

Azken hiru hamarkadatan bi hizkuntza politika mota burutu dira Euskal Herrian. Batetik, ofizialtasun formala bera ere ukatuz, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko eremu zabaletan, euskara galtzeko hizkuntza politika garatu da. Bestetik, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako mendialdean euskara mendeko ofizialtasun asimetrikoaren eremuan mugitzen da; beraz, euskara menderatzeko hizkuntza politikaz ari gara.

Bi estrategia horien aurrean, EH Bilduk hizkuntza politika burujabea, nazionala eta lehentasunezkoa proposatzen du. Berton bizi diren hizkuntz komunitate eta herritar guztien aukera berdintasuna ahalbidetzen duena.

Gaurko munduko euskaldunak izan nahi dugu: euskaraz bizi, geure herrian "arrotz" izan gabe eta herri hau sortzen segi, euskaratik eta euskaraz. Bide horretan, EH Bilduk, honako helburuotara heltzeko behar besteko bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen du:

  1. Euskalgintzako eragileekin batera, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika zehaztu eta garatzea.
  2. Euskarari dagokion estatusa ematea. Euskara berezkoa eta normalizatu beharreko hizkuntza da eta, egungo mendeko ofizialtasun asimetrikotik urruti, lau dimentsiotan izan behar du ofiziala euskarak: dimentsio politikoan, lurraldetasunaren dimentsioan, dimentsio kolektiboan eta dimentsio objektiboan.
  3. Euskararen aldeko politikak ahalbidetzeko, euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aitortzea.
  4. Berreskurapen-prozesua bermatzeko eta herritarren arteko bizikidetza ziurtatzeko, euskara ezagutu beharreko hizkuntza izatea.

Euskararentzako helburu horiek lortuz gero, denok irabazten dugu. Izan ere, horrela baino ez baitugu lortuko gure herrian elkarrekin bizi diren hizkuntza komunitate guztien aukera berdintasuna eta herritar guztien hizkuntz eskubideen berdintasuna bermatzea, hizkuntz galera gelditzea, eta hizkuntz aniztasunaren iraunkortasuna ziurtatzea. Hori da EH Bilduren konpromisoa.