Herria da goorputza, hizkuntza bihotza

Euskara euskaldunon nazio hizkuntza da eta Euskal Herriaren nortasun ikur nagusia, gure kulturaren funtsezko osagarria. Hala ere, gure hizkuntza zahar honek beste hizkuntza handi biren pean bizirauten du, eta ez ditu beste biek dituzten baldintza politiko, juridiko eta soziolinguistikoak.

Azken neurketek eman dituzten emaitzak ikusita, kezkatzeko moduko egoeran gaude: euskararen kale erabilera ez da hazi azken hamabost urtean, eta %13 eta %14 artean goia jo du. Eta UNESCOk dio %33tik beherako erabilera duten hizkuntzak galtzeko arriskuan daudela.

Hori dela eta, EH Bildu bestelako hizkuntza politika egitera dator euskara normalizatzeko. Beharrezkoa da hizkuntza politika berria, lehentasunezkoa eta burujabea bideratzea, eta euskarari estatus juridiko egokia ematea.

MEDIDAS PARA IMPLEMENTAR LA NUEVA POLÍTICA LINGÜÍSTICA, PRIORITARIA Y SOBERANA

1. Lograr nuevos vascoparlantes y universalizar el euskera

2. Lograr espacios para el euskera

3. Incidir en la motivación del uso del euskera entre los euskaldunes

EH Bilduren konpromisoak: euskaraz lan eta bizi, eta horretara goaz

• EH Bilduren legebiltzarkide guztiak euskaldunak izango dira.
• EH Bilduk gobernurik osatuz gero, kontseilari guztiak euskaldunak izango dira.
• EH Bilduren legebiltzarkide eta kargu publikoen lehentasunezko hizkuntza euskara izango da.
• EH Bilduren lan-hizkuntza euskara izango da.

Hauxe izan da gure programaren bizkarrezurra, labur-labur esanda. Programa osatzen joango gara, egunotan jaso ditugun ekarpenekin, euskalgintzako eragile eta norbanakoen ekarpenekin. Eskerrik asko zuen aportazioengatik. Aurrerantzean ere bidelagun nahi zintuzketegu.

Izaite bat ez daike hezur hutsez osa,
HERRIA DA GORPUTZA, HIZKUNTZA BIHOTZA

Bi estatu handien hegemoniapean, euskarak menpeko estatus juridikoa du. Frantziako Estatuak ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak aitortzen, eta Espainiakoak, eskubide batzuk aitortu arren, espainieraren nagusitasuna ezartzen du. Denok gaude behartuta espainiera edo frantsesa jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. Gainera, euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan.

Globalizazio uniformatzailearen garaian, hizkuntz galeraren zikloak gero eta laburragoak dira. Euskara bezalako hizkuntza minorizatuentzat, aurrera ez egitea atzera egitea da.

Azken hiru hamarkadatan bi hizkuntza politika mota burutu dira Euskal Herrian. Batetik, ofizialtasun formala bera ere ukatuz, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko eremu zabaletan, euskara galtzeko hizkuntza politika garatu da. Bestetik, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako mendialdean euskara mendeko ofizialtasun asimetrikoaren eremuan mugitzen da; beraz, euskara menderatzeko hizkuntza politikaz ari gara.

Bi estrategia horien aurrean, EH Bilduk hizkuntza politika burujabea, nazionala eta lehentasunezkoa proposatzen du. Berton bizi diren hizkuntz komunitate eta herritar guztien aukera berdintasuna ahalbidetzen duena.

Gaurko munduko euskaldunak izan nahi dugu: euskaraz bizi, geure herrian "arrotz" izan gabe eta herri hau sortzen segi, euskaratik eta euskaraz. Bide horretan, EH Bilduk, honako helburuotara heltzeko behar besteko bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen du:

  1. Euskalgintzako eragileekin batera, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza politika zehaztu eta garatzea.
  2. Euskarari dagokion estatusa ematea. Euskara berezkoa eta normalizatu beharreko hizkuntza da eta, egungo mendeko ofizialtasun asimetrikotik urruti, lau dimentsiotan izan behar du ofiziala euskarak: dimentsio politikoan, lurraldetasunaren dimentsioan, dimentsio kolektiboan eta dimentsio objektiboan.
  3. Euskararen aldeko politikak ahalbidetzeko, euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aitortzea.
  4. Berreskurapen-prozesua bermatzeko eta herritarren arteko bizikidetza ziurtatzeko, euskara ezagutu beharreko hizkuntza izatea.

Euskararentzako helburu horiek lortuz gero, denok irabazten dugu. Izan ere, horrela baino ez baitugu lortuko gure herrian elkarrekin bizi diren hizkuntza komunitate guztien aukera berdintasuna eta herritar guztien hizkuntz eskubideen berdintasuna bermatzea, hizkuntz galera gelditzea, eta hizkuntz aniztasunaren iraunkortasuna ziurtatzea. Hori da EH Bilduren konpromisoa.

Orain dela 37 urte Markina-Xemeinen (Bizkaia) jaioa, bertan du bizitokia.

Euskal Filologian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean. Euskal Kulturgintzaren Transmisioan Aditua graduondokoa burutu zuen Mondragon Unibertsitatean.

Euskararen inguruan garatu du Ibarrak bere jardun profesionala. Horrela, Lekeitioko ikastolan irakasle aritu da, Berrizko Udalean euskara teknikari izan da eta Egunkaria-ren Bizkaia atalean euskara zuzentzaile izan zen. Egun, euskara teknikaria da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean.

Bertsolaria eta bertso-eskolako irakaslea ere bada Iratxe Ibarra. Markinako bertso-eskolaren sortzailea eta arduraduna da.