Ezer baino lehen, EH Bildu koaliziotik euskal gizartea zoriondu nahi dugu Iosu Uribetxebarriaren kasuaren amaieragatik. Azkenik, Uribetxebarriak bere gaixotasun larriari aurre egin ahal izango dio bere duintasun osoaren jabe. Berri on bat, alegia.

Hala eta guztiz ere, bere momentuan "krisi humanitario" gisa definitu genuen honek, irakaspen batzuk utzi dizkigu, etorkizunean ahaztu ezin ditugunak: 

Lehenik eta behin, ikasi behar izan dugu legea ezin dela instintu baxuenetatik aplikatu, mendeku irizpide batetik. Aldez aurretik gertatutako inolako bidegabekeriarik edo sufrimendurik, are gutxiago helburu politikorik, ezin du justifikatu tratu krudel edo gizagabekoa. Jarrera hau lekuz kanpo dago. Jarrera hau are larriagoa da une politiko honetan, non zauriak sendatu nahi diren, aurkakoak izan diren posizioak enpatiaz eta elkarrenganako errekonozimenduaz leundu nahi diren honetan.

Zorionez, azken hilabete hauetan beste aurrekari inportante batzuk egon izan dira, hainbat euskal hiritarrei aplikatu izan zaien salbuespeneko zigor sistemaren inguruan. Nazioarteko instantziek eskatu dute tratu txar eta torturak ikertzea, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gogor errefusatu du "Parot Doktrina"... eta atzokoan, preso larrien askatasunaren inguruan Entzutegi Nazionalaren erabakia jaso genuen. Izan ere, gure iritziz, Uribetxebarriaren askatasuna ez da ezeren amaiera, beste hamahiru katebegi duen kate baten abiapuntua baizik.

Legeak lagundu behar du, bideak zabaldu behar ditu, inoiz ez itxi. Legeak ezin du aurrera egitea zaildu. Ez da onargarria Uribetxebarriaren kasuan justiziak izaniko geldotasuna. Parez pare Justizi trakets bat dugu, botere politikoari hainbat aldiz men egin diona, gero eta zilegitasun gutxiago duena. Alperrik ordea. Kasu honekin ikusi dugun bezala, oztopo guztien gainetik, giza eskubideek eta euren artean askatasunerako eskubidea, aurrera bidea egiten dutela etengabe.