"Segurtasuna bilatzeko giza eskubideak murrizten dituenak ez du lortzen ez bata eta ez bestea". Herritarren askatasunak- Libertades ciudadanas sailaren sorrerarekin, giza eskubideei eta askatasun publikoei lehentasun osoa emango diegu, sarriegitan beste interes edo lehentasunengatik makurrarazi izan baitira.

Atzerantz begiratzea egokituko zaigu, eta gertatu diren urraketak diagnostikatzea, modu horretan giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortu, erreparatu eta errehabilitatzeko. EH Bilduren helburu eta konpromiso nagusia da urraketa horiek sekula ere berriro gerta ez daitezen baldintzak eta bermeak sortzea.

Gure ustez euskal herritargoak ez du Justiziarik aurkitu Espainiako tribunalen aurrean. Sistema politizatu eta zaharkitu hau ez da izan gai euskal jendartearen eskariei erantzun inpartziala, independentea, azkarra eta hurbila emateko. Horregatik, berezko epailearen edo epaile naturalaren printzipioari eutsita, Euskal Herriarentzako Botere Judizial beregaina lortzeko bidean egingo dugu aurrera. Giza eta askatasun eskubideen defentsa europarran eta unibertsalean lerrokatua.

Kartzela sistemaren existentziak azalarazten du jendartearen porrot bat. Hala ere, presoak eskubidedun pertsonak dira, eta gure arlotik lan egingo dugu preso dauden pertsona guztien eskubide guztien errespetua berma dadin. Eta salbuespenezko legeekin eta jurisdikzioekin epaituak izan diren pertsonen egoera gainditzeko, demokrazian homologarriak ez diren baldintzetan, gainditzeko bidean zen gatazkari emandako erantzunaren ondorio direlako.

Lehentasun osoa emango diogu polizia eredua gaur egungo eszenatoki politikoaren arabera egokitzeari. Polizia bere jendartearen ispilu izan behar da, eta hori, gaur gaurkoz, ez da inolaz ere gertatzen. Poliziaren Etikaren Europar Kodeak dioenez "herritarrek poliziarengan duten konfidantza estu-estu loturik dago poliziak berak herritarrekiko duen jarrera eta portaerarekin, eta batez ere giza duintasuna eta pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzearekin". Herri honek behar duen polizia eredua zehazteko prozesua sustatuko dugu; komunitatearekiko zerbitzua lehenetsiko duen Polizia lortzeko, ez errepresiboa, ez militarizatua, politizatutako irizpideen arabera jokatuko ez duena, eta euskal herritargoaren aniztasun sozial, kultural eta politikoarekiko errespetuz jokatuko duena.

Erronka sakonak dira, eta guztiei gogotsu ekingo zaie Herritarren Askatasunak sailetik, Euskal Herri osoan pertsona guztientzako eskubide guztiak berrezartzeko ahalegin biziarekin.