EHBilduren helburu nagusienetako bat herri honen burujabetza lortzea da. Horren barruan elikadura burujabetza klabea da.

Herri guztiek bere elikagaiak sortzeko behar dituzten politikak diseinatu eta martxan jartzeko eskubidea daukate. Era berean, bere buruaren jabe izan nahi duten eta etorkizunean burujabeak izaten jarraitu nahi duten herriek lehenengo sektore indartsua behar dute. Elikadura oso inportantea delako eta ezin da beste batzuen esku utzi.

Munduan zehar inposatu zaigun ekoizpen eredua industriala, batzuek kontrakoa esan arren, ez da bidezkoa eta ez da sostengarria. Eredu hau eta eredu dibertsifikatu txikia eta bertako kulturara egokitua ez dira konpatibleak.

Azkeneko hamarkadetan, Europa eta bertako instituzioek aurrera eramandako ekoizpen industrial/intensibistaren aldeko politikek, Euskal Herriko lehenengo sektorea minimoetara eraman dute: lanpostuen galera, baliabideen urraketa, barku eta baserrien abandonua, transmisio falta, mendeetan zehar pilatutako ezagutzaren galera, etsipena,... Izan ere, Europaren barruan, apusturik intentsibista sutsuena Euskadiko Autonomia Erkidegoko instituzioek egin dute denok ezagutzen ditugun ondorioekin. Hau al da berreskuratu behar den kudeaketa eredua?

Honen aurrean, EHBildutik elikadura burujabetzaren aldeko apustua egiten dugu. Bai jendartean eta bai sektorean, eraldaketa sustatu nahi dugu. Jendartean lehenengo sektorearen garrantzi estrategikoa azpimarratuz, lehenengo sektoreko ogibideek, dagokien duintasuna berreskuratu behar baitute.

Sektorean, berriz, sindikatu zein sektoreko eragileekin elkarlanean, arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza iraunkortasuna bermatuko duten politika eraginkorrak diseinatu eta martxan jarriz lehenbailehen. Paradigma intensibistak baztertuta, sektorean jarduteko beharrezkoak diren baliabideak irmoki babestuz, Euskal Herriko baliabideen erabilera eraginkorrean eta kalitatean oinarritutako ekoizpen sistemak sustatuz, baliabideekiko autonomia, transformazioa eta dibertsifikazioa ardatz hartuko duen errentagarritasuna ahalbideratuz eta elikadura burujabetzarantz pauso sendoak emanez.