Mohammad Allan, preso administratibo eta abokatu palestinarra koman sartu da 60 egun gose greban egon ostean. Mohammad Allan 2014ko azarotik dago administratiboki atxilotua, inolako epaiketa edo kargurik gabe, indar israeldarrek atxilotu ostean.

Urko Artza senatariak adierazi duenez “Palestinarren oinarrizko eskubideak, zibil eta politikoak, norbanakoenak zein kolektiboak, zapaltzen ditu Israelek Palestina okupatuan garatu duen politikak eta urraketa horien adibide argia da atxiloketa administratiboa”. Mohammad Allanen kasuaz “Israelgo autoritateen jokabidea onartezina da, Mohammad Allan bere protesta mugara eramatera derrigortu dute eta bere osasun egoera larria izanagatik, ohean loturik mantentzen dute”.

Arrazoi guzti hauengatik EH Bilduren senatariak “Mohammad Allan eta preso administratibo guztiak askatzea eta atxiloketa administratiboak amaitzea” exijitu die Israelgo autoritateei.

EH Bildu aurreko ikasturte amaieratik Palestinaren aldeko elkartasuna sakontzeko lan lerro bat dauka zabalik eta honen barruan proiektu ezberdinak bultzatzen ditu Europar legebiltzarrean zein Iruña, Gasteiz eta Madrilekoetan.