Uztailaren 24ean Turkiako presidente Erdoganek Bake Prozesuaren amaiera iragarri zuenetik Herri Kurduaren kontrako erabateko kanpaina abiatu du Turkiako estatuak.

Uztailaren 20ean Suruceko herrian ISISek gazte mugimenduaren kontra burututako ekintzaren ostean, Turkiar estatuak ISISen kontrako kanpaina abiatzearen aitzakiapean Turkia osoan ezkerreko mugimenduen kontrako errepresio kanpaina basatia jarri zuen martxan.

Azken egunotan errepresiorik basatiena pairatu du Kurdistango herriak, Turkiako armadak eta Indar Bereziek Varto, Semdinli, Farqin, Yuksekova, Nusaybin eta Lice erasotu zituzten atzo eta larrialdi egoera deklaratu, medioen eta ordezkari politikoen sarrera oztopatuz.

Modu berean ejertzitoak Kocakoy (Lice-Hani distritoa), Amed (Diyarbakir) eta Şapatan-Altınsun (Hakkariko Şemdinli distritoa) bonbardaketa handiak burutu zituen. Eraso guzti horietan herritarren etxeak suntsituz 90 hamarkadan 4.000 herri desagerrarazi eta 3 milioi lagun desplazatu zituen politika ankerra jarraituz.

Atzo gainera Sureko ko-alkateak, Seyid Narin eta Fatma Şık Barut eta Silvaneko ko-alkateak, Yüksel Bodakçı eta Melikşah Teke, atxilotu zituzten Turkiako indarrek eta haiekin batera DBP eta gizarte mugimenduetako hainbat lagun ere.

Eraso hauek ekainaren 7ko hauteskundetan jasotako emaitzei Erdoganen gobernuak emandako erantzuna dira. HDPk hauteskunde horietan jasotako emaitza itxaropentsuen aurrean itxikeria eta basakeriaren adierazle dira. AKPk eta Erdoganek hauteskunde berrien aurrean HDPren emaitzak baldintzatu nahi dituzte, Kurduak eta Turkiako ezkerra zigortuz.

Erdoganek Estatu Batuekin, ustez ISISen aurka, erdietsitako akordioak eragin zuzena izango du Kurduek ISISen kontra daramaten borrokan. Akordio horretan Turkia-Siria mugan adostu dituzten “segurtasun zonaldeek” kurdoek ISISi kendutako lurrladeetatik kanporatzea suposatuko luke eta horrekin batera Turkian zein Iraken mugimendu kurduaren kontrako erasoek ISISen kontra borroka baldintzatuko dute.

EH Bilduk atxilotutako guztien berehalako askatasuna eskatu eta Nazioarteko komunitateari dei egiten dio Erdogan presidentearen gerra ekimenari aurre egin diezaion. Dei berezia egin die Europar Batasuneko estatu kideei, Estatu Batuei eta Nazio Batuei Turkiak kurduen kontra martxan jarritako erasoaren aurrean isiltasuna apurtu dezaten.

Biji Kurdistan!