Iker Casanovak azpimarratu du akordioak, aho batezkoak, Ezkerralde, Meatzalde eta Oarsoalderako duen garrantzia. “Eredu produktibo berria, industria aurreratua, instituzioen arteko konpromisoa eta gizarte eragileen parte-hartzea talka planaren gakoak izango dira”.

EH Bilduren bultzada politikoari esker sortu zen lantaldea Legebiltzarrean Ezkerralde, Meatzalde eta Oarsoaldeko egoera sozioekonomikoa aztertu eta berraktibatzeko, eta gaur Osoko Bilkurak oinarriak ipini ditu, aho batez, krisi ekonomikoen ondorioak gehien pairatu dituzten eskualde horietan plan estrategiko integral bat martxan jartzeko. Iker Casanovak talka plan baten beharra azpimarratu du, eta zehaztu ditu plan horrek izan behar dituen ardatz nagusiak: eredu produktibo berri bat, industria aurreratua, instituzioen arteko elkarlana eta konpromisoa eta gizarte eragileen parte-hartzea.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du eskualde horietan “arazoa ez dela ez puntuala, ez azalekoa, sakona baizik”, eta horren jatorrian instituzioen arreta falta dagoela salatu du. “Eskualde horiekin zor historikoa dugu, instituzioek ez dietelako behar eta merezi duten arreta eman, eta egoerak neurri batean hobera egin duen arren, ez da nahikoa eta sakoneko arazoak bere horretan dirau. Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea lehentasunezko eskualdeak izan behar dira instituzio guztientzat”. Horren ildotik, erantsi du, “eskualde horien susperraldiaren oinarrian industria aurreratuak, prestakuntzak, berritze urbanistikoak eta gizarte kohesioak egon behar dute, merkataritzaren defentsa eta turismoaren garapena ahaztu gabe”.