Lakuak hautatu behar duela dio EH Bilduk, eta kezkatuta azaldu da Artolazabal sailburuaren proposamen batzuk PPren tesietara hurbiltzen direlako. “Ez gara egongo eskubideak murrizten dituen erreforma batean”.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Diru-Sarrerak Bermatzteko Errenta (DSBE) aldatzeko proposamenaren nondik norakoa gaur aurkeztu eta gero, EH Bilduk uste du “Jaurlaritzak lehenik eta behin erabaki eta argitu behar duela norekin egin nahi duen erreforma hori, gehiengoarekin, ezkerreko taldeekin, ala PPrekin”. Nerea Kortajarenak azpimarratu du “Artolazabalek hautaketa hori egin behar duela, edo bat egiten du eskubide sozialak garatu eta bermatu nahi ditugunokin edo eskubideak eta prestazioak murriztu nahi dituen PPren ondoan lerratzen da; bi aukera hori baino ez daude, eta hautatu behar du”. DSBE aldatzeko prozesu horretan berebiziko garrantzia izan behar du inplikaturik dauden eragile guztien parte-hartzeak, erantsi du Kortajarenak.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “sailburuak egiten dituen planteamendu eta kontzeptu orokor batzuekin ados egon gaitezke, baina gero, planteamendu orokor horien letra txikia ikusten dugunean, hitzetatik ekintzetara pasatu behar duenean, Jaurlaritza ia sistematikoki PPren tesietara hurbiltzen dela ikusten dugu; hori da orain ere kezkatzen gaituena”.

Horren ildotik, Kortajarenak berretsi du DSBEren erreformak gizarte babeserako sistema publikoa garatzea, indartzea eta bermatzea izan behar duela helburu, egungo egoerak hala eskatzen duelako. Izan ere, ohartarazi duenez, pobrezia egoeran bizi diren lagunen %30 sistematik kanpo dago eta DSBEren sisteman egonda ere %2,9ak pobrezian jarraitzen du.