Maddalen Iriarte EH Bilduren zerrendaburuak adierazi du “Pasaiako Badiak eta Euskal Herriak dituen arazoak konpontzeko eta hemengo herritarrak hobeto bizitzeko tresna propioak behar ditugula”. Behar ditugun tresna horien artean portuaren jabetza berreskuratzea eskatu du Iriartek, gaur egun eskumena Madrilekoa delako eta, horren ondorioz, “gauzatxo batzuk egin badira ere, badiaren biziberritzeak ez duela aurrera egin” salatu du Iriartek. Bere hitzetan: “Erakundeen kajoiak Pasaiako badiari buruzko txostenez beteta daude baina konpondu gabe jarraitzen du”.

Maddalen Iriartek adierazpen hauek egin ditu gaur arratsaldean Pasai Donibanen egindako mitinean. Iriarterekin batera Oihana Etxebarrieta zerrendakidea eta militante feminista aritu da. Santiago plaza ospetsura jende asko eta asko hurbildu da. Izan ere, mitinaz gain, arratsalde pasa ezin hobea antolatu du EH Bilduk, bizikleta martxa, dantzak eta pintxoak egon direlarik.

Iriarteren esanetan, “bertatik, bertakoek biziberrituko dugu inguru hau. Hemengo gizon eta emakumeek. Jakinda hau dela gure lurra, eta zaindu egin behar dugula, hau dela gure itsasoa, eta zaindu egin behar dugula, hau dela gure jendea, eta zaindu egin behar dugula”. Aldiz, kanpotik “ez dela inor etorriko gure arazoak konpontzera” argitu du Iriartek, “Pasaia mapan jartzen ere ez dakiten haiek, haiek ez dute hemen ezer konponduko” adierazi du, Madriletik Madrilera kanpainak diseinatzen dituzten lau alderdi espainolei zuzenduz, baina aipatu gabe.

“Hori da erabakitzeko eskubidea, ez besterik: hobeto bizi ahal izateko tresna”, jarraitu du Maddalen Iriartek. Eta goizean Gernikatik EH Bilduk egin duen enplazamendua ekarri du berriro: “Euskal Herriarentzat estatus berri bat eraikitzeko hitzarmena eskaintzen diogu Euskal Herriari, erabakitzeko eskubidea hartuko duena, independentziari bide emango diona”. Zehazki, hitzarmenerako gonbitea “sindikatuei, herri mugimenduei... EAJri, Podemosi, eta batu nahi duen guztiari” zuzenduta dagoela adierazi du Gipuzkoako hautagaiak. Eta EAJ kanpainan proposatzen ari denari helduz, Maddalen Iriartek esan du EH Bildu “prest dagoela Madrilen azken saio bat egiteko, prest gaude hemen erabakitzen dugunarekin berriro ere Madrilera joateko, baina baldintza batekin: epe baten barruan, hau da lau urte hauen barruan eta aurretik adostu beharko dugu ezezkoa ematen badigute zer egin” ohartarazi du Iriartek.

Iriarterekin batera Oihane Etxebarrieta hautagaiak hartu du hitza. Etxebarrietak, Hondarribiko militante feminista den heinean, esan du “bera jendarte justu baten alde ahal den toki guztietan” egon dela, baita Jaizkibel konpainian ere, “emakumeok espazio publikoan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen”, aste honetan ospatu den Hondarribiko Alarde parekideari keinu eginez.

Maddalen Iriartek ere aipatu duen 'hobeto bizitzeko' erronkari eutsiz, feminismoa ez dela soilik “emakumeen eskubideak konpontzeko mugimendu edo politika, denon parekidetasuna eta ongizatea parekatu nahi duen pentsakera baizik” argitu du Etxebarrietak. Eta “lotsarik gabe EH Bildun feministak garela” adieraztera deitu du.

Izan ere, Euskal Herriko emakumeen egoera ez dela batere ona adierazi du Etxebarrietak: “Emakunderen arabera, emakumeen eta gizonen arteko soldata ezberdintasuna 7000 euro urtekoa da; lanaldi partzialean egindako lanaren % 85,3 emakumeek egina da eta pobrezia arrisku larrian dauden pertsonen %82 emakumeak dira”. Honekin batera, indarkeria matxistaren lakra ere ekarri du gogora Gipuzkoako hautagaiak. Eta egoera larri honi Urkulluren gobernuak ez diola aurre egiten kritikatu du Etxebarrietak. Zentzu honetan, Emakundek soilik 6 milioiko aurrekontua duela salatu du, “Ertzainen uniformeak ordaintzeko erabilitako diru bera”.